Mondragon taldeko banatzaile handia ados ipini da Intermarche supermerkatu talde frantsesarekin. Akordio horren ondorioz, Eroskik Ipar Euskal Herrian eta Frantzia hegoaldean zituen establezimenduak Mosketariak taldeari saldu dizkio. Aipatutako taldea Eroskiren bazkidea da Alidisen (banatzaile independenteen nazioarteko aliantza).
Altis Taldearen bidez kudeatzen zituen Eroskik 20 salmenta-leku horiek. Altis Taldea Eroskirena da. Hasieratik, Eroski eta Frantziako Carrefourrek erdi bana zuten taldea, baina enpresa eta merkataritza kudeaketa Eroskik egiten zituen. Elkarlan akordioa aurten bukatzen da, eta Eroskik Carrefourren erdia erosi du. Gero, Intermarche enpresarekin akordioa egin du.
"Honenbestez, bere ahaleginak sare estrategikoan kontzentratzeko helburuari eusten dio Eroskik. Horrela, bere jardueran eragingarriagoa izango da, eta hasierako aurreikuspenen gainetik bere finantza-zorra txikitzea lortzen du", esan du Eroski Taldeak.