Ikerketa horrek dioenez, gurasoen %77rendako, "segurtasuna eta kalitatea" dira gauzarik garrantzitsuenak jostailua aukeratzerakoan.
Imaginarium enpresak hainbat herrialdeko gurasoen ohiturak eta aukerak konparatu ditu.
Datozen Gabonetarako, jostailuetarako batez besteko aurrekontua ume bakoitzeko 50 eta 100 euro artekoa izango da, eta hori gastatuko dute Euskadiko gurasoen erdiek, Italiako %54k eta Alemaniako %60k. Baina, "munduko egoera ekonomikoa dena izanda ere, Euskadiko gurasoen erdiek ume bakoitzeko 100 euro baino gehiago gastatuko dute", gaineratzen du ikerketak.

Jostailua aukeratzeko orduan, herrialde guztietako guraso gehienek (%77) segurtasuna eta kalitatea baloratzen dituzte ondoen. Euskadiko gurasoen %4rendako bakarrik da prezioa elementu nagusia.
Publizitatearen eragina, umeen %32rengan
Datu kezkagarriak ere baditu ikerketa horrek: hala, Euskadiko umeen %32k telebistan ikusten dituzten iragarkiei kasu egiten diete jostailuak eskatzeko. Filmeetan ikusten dituzten jostailuak ere nahi izaten dituzte. "Umeengan benetako presioa egiten du publizitateak", esaten du ikerketak. Bigarren eragin iturria katalogoak dira (kasuen %18).
Bestalde, euskal gurasoen %36k eraikuntza jostailuak eta jostailu hezitzaileak aukeratzen dituzte.
Infojolasa aholku zerbitzua
Eroskik martxan dauka aholkularitza zerbitzu bat, Infojolasa izenekoa, Rocío Ramos psikologo ezaguna irudi duena. Guraso espainiarrek jostailuak erosterakoan dituzten ohiturei buruz Eroski Consumerrek egindako azterketa soziologiko baten ondoren abiarazi du zerbitzu hori.

Azterketaren emaitzak Eroski Consumerreko zuzendari Alejandro Martinez Berriotxoak aurkeztu zituen Madrilen. Azterketak dioenez, lau gurasotik bat "galduta" sentitzen da jostailua egokia den ala ez baloratzeko orduan. Bestalde, helduen %74k umeek aukeratutako jostailuak erosten dituzte. Horrez gain, helduen %67ren iritziz, telebistako publizitate bolumena "gehiegizkoa" da, eta %56k uste dute publizitate hori "engainagarria" dela. Halaber, inkestari erantzun diotenen %97k diote haurrek jostailu gehiegi dutela, eta ez dute uste hori positiboa denik. Infojolaseko koordinatzaile Oskar Gonzalezen arabera, "testuinguru horretan sortu zen InfoJolasa bezalako kanpaina baten beharra, pedagogo espezializatuen aholkularitzarekin kontsumitzaileari jostailuak modu arduratsuan erosten laguntzeko".
Jostailu hezitzaileak, erosienak
Heldu gehienek nahiago dute jostailu baliagarriak erosi (%69), garestiak ez direnak (%13) edo deskontuarekin (%11). Helduen %60ren iritziz, garrantzitsua da jostailuak CE marka ere izatea.
Alde handiarekin, gehien erosten diren jostailuak dira hezitzaileak (%72), eta ondoren daude eskulanetakoak (%37), bideojokoak (%25), kirol jostailuak (%21), panpinak eta pelutxeak (%20), jostailu elektrikoak (%13) eta bestelakoak. Ildo horretan, kontsola eta bideojokoek Gabonetako opari izarretakoa izaten jarraitzen dute, krisia gorabehera.