24 orduko txandak
Astelehenean, hilak 12, sindikatuen txanda izango da, martitzenean gazte eragile eta elkarteek hartuko dute parte, abenduaren 14an ikasle eta irakasleek, 15ean mugimendu feministako emakumeek, 16an alderdi politikoetako eta instituzioetako ordezkariek eta 17an mugimendu sozialetako eta oro har herri mugimenduetako partaideek. Baraualdia domekan amaituko da 12:00etan Donostiako Boulebarrean egingo den kontzentrazioarekin.
Debagoienean ere bai
Gure ibarrean ere hainbat izango dira Donostiako baraualdiari begira eta presoen eskubideak aldarrikatzeko egingo diren ekimenak. Bergaran, esaterako, LAB sindikatuko ordezkariek baraua egingo dute gaur Udal Pilotalekuan.
Elkarretaratzea ere egingo dute 19:00etan eta kanpin dendak ere ipiniko dituzte gaua bertan igarotzeko. Bestalde, LAB sindikatuak langile guztiei dei egiten die gaurtik eta domekara arte lantokian presoen aldeko pegatina itsatsita eroateko.
Oñatin, bestetik, elkarretaratzeak egingo dituzte egunero 19:30ean herriko plazan.
Arrasaten ere hainbat ekitaldi iragarri dituzte. Donostiako txanda berberak egingo dituzten Arrasaten ere, baina kasu honetan eragile desberdinek Portaloian kontzentrazioak egingo dituzte 18:30etik 20:00etara. Horrez gain, elkarretaratze eta protestak aurreikusten dira enpresetan, ikastetxeetan eta unibertsitateetan.
Bilduko hautetsiek 16an
Bilduko hautetsiek ere bat egingo dute baraualdiarekin. Hain justu ere koalizioko hainbat hautetsik–Arrasateko eta Bergarako alkatea tartean– agerraldia egin zuten zapatuan Donostian Espainiako eta Frantziako espetxeetako egoera "oinarritik aldatzea" eskatzeko. Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko beharra aldarrikatu zuten.
Donostian egindako agerraldian Bilduko hautetsiek adierazi zuten abenduaren 16an, egubakoitza, bat egingo dutela baraualdiarekin eta Euskal Herriko herri guztietan 12:00etan elkarretaratzeak egingo dituztela.