Gabonak girotzeko, argi gutxiago gure kaleetan

Irati Goitia 2011ko abenduaren 9a

Gabonak gainean ditugu, eta jada gure herrietako kaleak data esanguratsurako apaintzen dabiltza. Aurten, gainera, izango da nobedaderik gurean. Oñatin, adibidez, material birziklatua erabaliko dute herriko kaleak girotzeko eta ez dugu ohiko pinurik ikusiko. Orokorrean, aurreko urteetan baino Gabon argi gutxiago jarriko dituzte gure herrietan.

Oñatiko Udalak apustu berritzailea egin du aurtengo. Hala, erabilitako CD eta plastikozko botilekin atonduko dute herria. Leire Egaña Ingurumen batzordeburuak azaldu du: "Lehen Hezkuntza eta DBHko ikasleekin material birziklatua erabilita apainduko ditugu herriko kaleak eta plaza".

Arrasateko Udal gobernua ere eredu berri bat lantzen ari da neguko solztizioko ospakizunetarako, herritarren partehartzearekin. Proiektu hasi berria dela esan dute Udaletik eta aurtengo kanpainan ezin izango dela abian jarri osotasunean. Ondorioz, Udalak ez du Gabonetako apaingarri berezirik jarriko.

Iaz baino zertxobait gutxiago gastatuko da Bergaran Gabonetako apaingarrietan, baina aldea oso txiki da. Izan ere, Udalak aurten 11.889 euro bideratuko ditu eta iaz 12.361. Jaitsiera horren zergatia da: aurten ez dutela Bolun jartzen zen irudia jarriko.

Aretxabaletako Udalak ere erabaki du iazko lekuetan jartzea Gabonetako apaingarriak. Hala, zuhaitzetan bakarrik jarriko dituzte; ez da bestelako argirik egongo.

Elgetan Zorionak jartzen duen apaingarria jarriko dute zintzilik udaletxeko balkoitik eta Eskoriatzan dagoeneko Udaleko langileek jarri dituzte argiak plazako zuhaitzetan.

Gatzagan Udalak, bestalde, ez du diru partidarik bideratzen Gabonetako apaingarrietarako. Hala ere, Guraso elkarteak antolatuta herriko haurrak elkartu eta eurek egiten dituzte, herria girotzeko asmoarekin. Aramaioko Udalak ere ez du Gabon argirik jarriko. Azkenik, Inma Beristain Antzuolako alkateak adierazi du oraindik ez dutela erabaki zer egingo duten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak