Aurtengo edizioari dagokionean, Irazabalek azpimarratu du "sorkuntza ez dagoela krisian; liburu eta diskoen merkatua hor dagoela eta erantzuna ere ona izan dela". Argitaletxeen helburuak bete direla gaineratu du, eta balorazioa oso positiboa dela. Azoka osatzen duten gainerako guneei dagokienez, Aiert Goenaga zuzendari berriak azpimarratu du guztiek ere erantzun ona izan dutela eta gune berriak gelditzeko asmoz etorri direla.
11:30etan egin du publiko Gerediaga Elkarteak aurtengo Azokaren gaineko balorazioa. Agerraldi hunkigarria izan da inondik inora. Malkoei ezin eutsirik, eskerrak eman dizkio Gerediaga Elkarteko lehendakari Nerea Mujikak Jon Irazabali, Azokako zuzendari gisa azken 30 urteotan egin duen lan guztiagatik. Hemendik aurrera, Aiert Goenagak hartuko du haren tokia.
Kulturaren topaleku
Azokaren nondik norakoei dagokienez, pozik agertu da Gerediaga. "Kulturaren topaleku izaten jarraitzen du Durangok eta krisiak krisi, euskal sorkuntza ez dago krisian" esanez hasi ditu Irazabalek bere hitzak. 105.000 bisitari baino gehiagok zeharkatu dituzte Landako eraikineko ateak, horietatik 40.000 abenduaren 6an. Interneten eta teknologia berrien bitartez azokari egin zaion jarraipena ere itzela izan da, eta balorazioa oso positiboa da.
Aiert Goenagak Azokaren bueltan antolatzen diren beste guneen gainean hitz egin du. Horietan ere, herritarren harrera oso ona.
Haur literaturaren guneari dagokionez, "erantzuna bikaina" izan da.
Ahotsenean proposamen aniztasuna eta gunearen indarra azpimarratu ditu. 350 sortzailetik gora izan dira bertan.
Irudienean, ikus-entzunezkoan plazan, formatu berriek izan dute tokia. Sortzaileen topaleku izan da eta 30 zuzendaritik gora ibili dira etorkizuneko sorkuntzen oinarriak finkatzen.
Szenatokiari dagokionez, euskarazko antzerkigintzaren topalekua, erantzuna itzela izan da eta Kabi@, sarean eta euskarri teknologiko berrietan euskaraz garatzen diren ekimenei zuzendutako proiektuak izandako erantzunarekin ere pozik.
Aurtengoarekin pozik, datozen urteei begira ipiniko dira Gerediagan. Durangok jarraitu dezan izaten, euskal kulturaren erreferente eta euskarazko sorkuntzaren adierazle.