Valentin Zurbano: "Indibidualistak izan arren, denok bat gara; erradiazioak edo kutsadurak ez dute mugarik"

Irati Goitia 2011ko abenduaren 12a

Krisiak arduratuta eta nork bere buruari bakarrik begiratzen diola ikusteaz aspertuta, Open3 mugimendua sortu du lagun talde batek. Hala, lagunarteko gogoeta batetik sortu da ideia eta Valentin Zurbano kideetako batek eman dizkigu azalpenak.

Zergatik sortu duzue Open3 proiektua?
Gauzak aldatzeko modu bakarra gauzak egitea dela pentsatzen dugulako. Manifestazio eta protestak beharrezkoak diren arren, ez gaituzte nahi dugun helburura eramaten; norabidez aldatzea galarazten diguten geldotasun eta inertziak ditugu.

Beharrezkoa da horrelako proiektu bat sortzea egungo gizartean?
Ezinbestekoak dira. Daramagun norabidea ez da gizartearen osotasunerako onuragarria. Lortu dugun benetako globalizazio bakarra finantza globalizazioa da. Gutxi batzuen onurak dakartza horrek. Eta interes horien erruz, gizarte laguntzak galtzen eta ingurumena suntsitzen segitzen dugu. Are gehiago, maila globalean, garapen mugagabea posible balitz bezala jokatzen dugu.

Nola definituko zenuke egungo mundua?
Gizarterik gabeko gizartea da, nor bere buruari eta beharrei begira dago. Kolektibo handienak ere oso indibidualistak dira, euren onura eta interes partikularrak bakarrik gura bilatzen dituzte. Orain dela gutxi arte, estatu guztiek Europan integratuta egon nahi zuten, baina ez zuten hori nahi europarrak sentitzeko, hortik zer onura atera zezaketen ikusteko baizik.

Beraz, gizarte indibidualista da gurea.
Bai, gure berehalako beharrak asetzeaz etengabe arduratua egoteak epe luzerako beharrak eta, batez ere, besteen beharrak kontuan ez izatera eramaten gaitu. Nor bere desio eta gogoak asetzeko bizi den gizartea gara. Emaitzak azkar, berehala eta esfortzurik egin gabe lortu nahi ditugu. Gure buruari galdetu behar dioguna da: gu horrelakoak izatea noren probetxurako da?
Askoren ustez, dirua eta boterea lortzea dira bizitzako helbururik garrantzitsuenak. Eta bitartean, milioika pertsona hiltzen dira edo erabateko pobrezian bizi dira.

Zer egin beharko litzateke gizarte sentimendua bultzatzeko?
Jakinduriaren gizartea sortu. Gaur egun informazio eta datu asko dauzkagu, baina, errealitatean, ez dakigu ezer. Hausnarketa planeta honetan bizi garen izaki guztiak estuki erlazionatuta gaudela konturatzean datza; fisikoki erlazionatuta. Kontuan izan behar dugu Fukushiman sortzen den erradiazioak, estatu batek sortzen duen kutsadurak, munduan desagertzen diren basoek ez dutela mugarik eta estaturik ezagutzen. Errealitatean "bat" gara, baina "ni" bakarrik izango bagina bezala jokatzen dugu. Horrek, ezinbestez, sufrimendua dakar.

Zer aldatu beharko litzateke egungo gizartean?
Batetik, garapena murriztu behar dira. Hau da, gure ongizaterako eta zoriontasunerako beharrezkoak ez diren gauzak alde batera utzi eta hori ez egitea sakrifizio gisa. Izan ere, zenbat eta behar gutxiago izan, orduan eta askatasun handiagoa. Bestetik, batasuna. Gure eguneroko bizitzan elkar batzen gaituzten gauzei garrantzia eman, eta ez banatzen gaituztenei. Lehen esan bezala, benetan "bat" gara. Gure erabaki pertsonalak eta sozialak bi parametro hauekin bat eginez hartzen baditugu, gauzak aldatuko ditugu.

Egungo gizarte ereduaren aurka azaldu behar dugu?
Botere ekonomikoek mundua kontrolpean daukate eta horretarako politikariak eta hedabideak erabiltzen dituzte. Pertsonok politikaren eta ekonomiaren kontrola berreskuratu behar dugu. Horretarako, herri plataformen sorkuntza bultzatzea proposatzen dugu. Gaur egungo sistema politikotik ez da irtenbidea etorriko, kontrola ez baitute pertsonek.

Sistema kapitalista agortuta dagoela uste duzu?
Etengabe egiten dugu akats hori. Pentsatzen dugu kapitalismoa eta dirua direla arazoa eta ez gara ohartzen benetako arazoa erreminta horiez egiten dugu erabileran datzala. Arazoa gure balioak dira. Horregatik, gure mugimenduko oinarri bat hezkuntza da, baina hori ez dugu ikastetxeetara mugatu behar. Hezkuntza modu garrantzitsuak hedabideak dira, batez ere telebista. Sortzen ari diren mugimendu sozial guztiak, adibidez, ez lirateke sortuko Internet bidez dagoen informazio askatasunik gabe. Horregatik, Internet erabat librea da Open3ren beste oinarrietako bat.

Hain zuzen, IKTen kode irekiaren alde egiten duzue.
Egun erabiltzen ditugun programa guztiak, etxeko ordenagailuan zein mugikorretan, konpainia zehatzen jabetzakoak dira eta guk ez dugu jakiterik zehazki programa horiek zer egiten duten. Carries IQ bezalako eskandaluek horrelako tresnek gure eguneroko jarduera guztiak zelatatzen dituztela berresten dute; gure onarpenik gabe. Askotan interes komertzialak izaten dira tartean (marketina, publizitatea...); beste batzuetan, interes ilunagoak (zerbitzu sekretuak, zentsura...). Kode irekiek programa horiek zehazki zer egiten duten jakitea ahalbidetzen dute eta gure beharrak asetzeko alda ditzakegu. Gainera, libreak eta doakoak dira. Komertzialak bezain onak dira horrelako programak, gainera; adibidez, Linux sistema eragilea bere aldaera guztietan.

Banku etikoaren aldeko apustua ere egiten duzue.
Ez dugu banku etikoari soilik buruz hitz egin behar, baita ekonomia etikoari buruz ere: burtsaren finantza kasinoan espekulatzen ez duen egiazko ekonomia, paradisu fiskalak onartzen ez dituen ekonomia... Gizartearen onura dakarten proiektuetan bakarrik inbertitzen duten bankuak sustatu behar dira. Gainera, guk exijitu behar diegu bankuei modu horretara jokatzea, eta ez gure dirua haiei uztera mugatu.

Zuen beste ardatzetako bat nekazaritza ekologikoa da.
Ekologikoa ez den nekazaritzak ongarri eta pestizidak modu intentsiboan erabiltzen ditu. Horiek gure organismora pasa eta bertan pilatzen dira. Bestalde, lur azalera handiak dituztenen uzta bilketa eta banaketa beharrak elikagaiak bere zikloa osatu baino lehen biltzea eragiten du. Horrek kalitate txikiagoko produktuak izatea eragiten du; zientifikoki frogatuta dagoen moduan. Gainera, onurak jasotzen dituztenak bitartekariak dira, ez nekazariak ezta kontsumitzaileak ere. Zuzeneko salmentan oinarritutako nekazaritza ekologikoko kooperatiben sorkuntza proposatzen dugu.

Eta energiari dagokionez, zer bultzatzen duzue?
Energia alternatiboa, noski. Sarritan ahazten dugun gaia da energia aurreztearena. Etengabe energia gehiago eta gehiago kontsumitzen duten makinak eta tresnak eraikitzen ari gara. Adibide gisa, zilindrada handiko ibilgailuak jar ditzakegu, erregai asko kontsumitzen dutenak, eta gehienetan ez dira inondik inora beharrezkoak. Beste adibide bat da nahiago dugula negu gorrian mahuka motzeko kamisetan egotea etxean eta berogailua 25 graduan izatea, jertse bat jartzea baino.

Zer eskainiko lioke zuen proiektuak gizarteari?
Egia esan, pertsona asko dabiltza ildo hau jarraituz lan egiten munduan. Ez dugu originalak izateko asmorik. Ikuspegi argi eta zehatza eskaintzen dugu. Gauzak aldatzeko ekintza ildo batzuk. Praktikotasunetik abiatu eta osotasunean pentsatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak