Azoka berritzaileenean ere izan dira sortzaile debagoiendarrak

Leire Kortabarria 2011ko abenduaren 9a

Durangoko Azokak aro berri bat hasi du: kultura produktuak hainbat euskarritan eta modutan etortzen dira gaur egun, eta horren isla da azoka, gune berriekin eta formatu berriekin. Eta, beste behin, debagoiendarrak ere hortxe izan dira.

Azokaren balorazioa:

Abenduaren 6tik 8ra iraun zuen Irudieneak, euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileen guneak. Bertan, Asier Altuna zinegile bergararrak parte-hartze handia izan du: bere bi lan, Artaldea eta Bertsolari, eman dituzte Irudienean, eta Zeluloidezko begiradak delako liburuaren aurkezpeneko mahai-inguruan egon zen.

"Beste buelta bat"

Irudienean egon zen ere Arrasateko Gose taldea, Musiklipak saioan euren bideo-klipa aurkezten. Baina hori baino lehenago, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak argitaratutako Gerrako ipuinak liburuaren Noiz arte justiziarik gabe CDa aurkezteko kontzertuan parte hartu zuen, Ahotsenean.

Ines Osinaga, Ahotsenean.

Gose Des-piezak diskoa saltzen egon da Durangon, eta Ines Osinaga kidearen esanetan, "azokan egotea beti da positiboa; asko eskertzen dugu jendearenganako harremana". Ahotsenearen gainean, hauxe dio: "Aukera eman digute gure lana aurkezteko, eta azokari beste buelta bat eman diote".

"Ahotsenea formatu ona da"

Intxorta elkartekoek lehen urtea zuten azokan. Juan Ramon Garai kidea "oso pozik" dago, izan ere, pentsatzen zuten baino gehiago  saldu dute. 12 produktu eraman dituzte. Gehien Gerrako garrak Oñatin eta Gerrako ipuinak saldu dituzte. Azken horren aurkezpen musikatua eta errezitaldia "biharamunean aldizkarietan agertu zen, eta modu ona izan da jendea guregana gerturatzeko", esaten du Garaik.

Intxorta 1937 elkarteko bi kide.

Sortzaile gisa estreinaldia izan dute ere Ain_1 taldekoek. Musika kaxa diskoa aurkeztu zuten. Iraitz Agirre taldekidearendako, "Ahotsenea oso formatu polita da, murritza izan arren; jende dezente etorri zen eta pozik geratu ginen".

Irakurketa eta antzezpena

Kepa Errasti, irakurketa dramatizatuan.

Debuta izan du azokan ere, baina aktore gisa, Kepa Errasti aretxabaletarrak. Bizkaia Irratiak Durangoko Azokan daukan estudioan irakurketa dramatizatua egin zuen, eta zuzenean Azoka TBn eman zuten. Eusebio Erkiagaren Antzerti yayan izan naz testua irakurri zuen. Julia Marin zuzendariak bera eta Maite Arrese aukeratu zituen horretarako. "Euskal kulturako hain leku adierazgarrian jarduteak poztasuna eman dit", esaten du.

Ezinbesteko hitzordua

Juan Carlos Irizar.

Azokako beteranoa da Juan Carlos Irizar oñatiarra, eta aurten ere hantxe egon da. Arrasate Irratiari hauxe esan dio: "Musika egitea ez zait ezer kostatzen, eta horregatik egiten dut asko. Hona etortzea oso gauza polita da. Krisia dago, baina horrelako gauzak ere egin egin behar dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak