Zuzenekoan, Mugalariekin
Azaroan aurkeztu zuen diskoa Ordorikak. Aurreko lanen moduan, New Yorken grabatu zituen abestiak eta azken ukituak hemen egin ditu. Betiko musikariekin grabatu du oñatiarrak; baina, aurreko diskoekin alderatuta, aldaketa txiki bat izan du: orain arte gitarra jotzaile lanetan ibili den Ben Monderren ordez Stephen Ulrichek egin ditu lanok oraingoan. Monderrek asko janzten ditu abestiak harmonikoki; eta Ulrich, berriz, zehatzagoa da, abesti biluziagoak dira.
Hori, grabazioei dagokienez. Izan ere, zuzenekoetan Mugalarien laguntza izango du oñatiarrak –Hasier Oleaga, Lutxo Neira eta Arkaitz Miner.
11 abestiz osatutako diskoa
11 abesti sartu ditu Ordorikak disko berrian. Aurkezpenean Goienari azaldu zion ez dagoela gai konkreturik lan berrian, "Hodeien azpian eta sasien gainean" dagoenaz dihardu. Kantuak jorratzen dituzten gai nagusiak betikoak dira: maitasuna, gorrotoa, ahaztura, oroitzapenak, alaitasuna… kantuaren gai arketipikoak horiek direla azaldu du. Gaineratu du gehienetan melodiak agintzen duela abestiari letra jartzerakoan.
11 abestiak hauek dira: Nirekin geratu, Eliasen etxea, Mundua biltzen duen oihartzuna, Zuhaitz eroria, Ez beldurrik izan, Nora zoaz bakarrik?, Zilarra aurkitu nuenekoa, Ezbaieko gogoan, Onerako da, Banekien eta India kaletik. Nora zoaz bakarrik? abestiak Maritxu nora zoaz abesti herrikoia du oinarrian.
Bada, dagoeneko hainbat kontzertu eskaini ditu Ordorikak, eta diskoak orain arte harrera ona izan du.
Joseba Irazoki
Irazokik Ordorikaren aurretik joko du Espaloian. 19:00etan hasiko da kontzertua eta 30 minutu iraungo du Joseba Irazokiren emanaldiak.
Urtea bukatu aurretik beste hiru kontzertu eskainiko ditu Ordorikak: hilaren 16an Urretxuko Labeaga aretoan, 23:00etan; hilaren 23an Bilboko Kafe Antzokian, 21:30ean; eta abenduaren 29an Donostiako Victoria Eugenian, 20:00etan. 2012ko hitzordu batzuk ere prest ditu dagoeneko: lehenengo kontzertua urtarrilaren 7an izango da, Durangoko Plateruenan.