Kanpainaren azken asteko datuen faltan, portzentajea ez da askorik aldatuko, zerbait aldatzen bada; izan ere, azken asterako, jende gehienak dagoeneko hartu du txertoa.
Osasun Sailaren helburua ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Gipuzkoa Mendebaldeko osasun eskualdeko batez bestekoak ere gainditu ditu Debagoienak. Bi kasuetan, 65 urtetik gorakoen %62k hartu dute gripearen aurkako txertoa.
Arrasate eta Eskoriatza
Antzuolako datuak dira bereziki onak: han, 65 urtetik gorakoen %98 joan dira txertoa hartzera (377 lagun). Herririk herri, hauek dira datuak: Arrasaten, %63,85 (3.211); Bergaran, %65,9 (2.110); Oñatin, %74,2 (1.763); Aretxabaletan, %67,14 (854); Eskoriatzan, %58,50 (472); Elgetan, %82 (217); eta Aramaion, %70,6 (187). Hortaz, Eskoriatzak ez beste guztiek gainditu dute EAEko batez bestekoa, baina Arrasatek ere ez du bete Gasteizek ipinitako helburua.
Gipuzkoa Mendebaldeko eskualdeko arduradun Arantza Urruzolaren esanetan, eskualde horretako datuak "ez dira batere onak: %67 bakunatzea lortzen genuen, baina iaz asko txikitu zen kopurua eta juxtu-jutxu ailegatu ginen %61era". Bere iritziz, jendeak beldurra galdu dio gripeari: "Oraindik ez da negua; gainera, azken urteotan ez da griperik egon".
Debagoienean, betiko antzera joan da kanpaina. Oñatiko erizain buru Isabel Arenatzaren esanetan, adibidez, herri hori "beti geratzen da batez bestekoaren gainetik", eta aurten ere hala izan da. Aretxabaletako osasun etxeko zuzendari Clemente Domingok esaten duenez, Aretxabaletan eta Eskoriatzan "iaz, hobeto" bukatu zen kanpaina. "Aurten, eguraldiak ez du lagundu", esan digu.
Gaixo kroniko gutxi
Gripearen aurkako txerto kanpaina, batik bat, 65 urtetik gorakoei dago zuzenduta, baina baita gaixotasun kronikoak dituzten adin guztietako pazienteei ere. Horiez gain, osasun langileek ere hartzen dute, eta etxean nagusiei laguntzen dieten langileei ere hartzea gomendatzen diete. Hala ere, Arantza Urruzolaren esanetan, "txertoa hartzen duten gaixo kroniko gehienak 65 urtetik gorakoak izaten dira". Adin horretatik beherakoen multzoan, datuak apalagoak dira, eta populazioaren erdiak baino gutxiagok hartu du txertoa.
Herriz herri, honela joan da kanpaina diabetesa duten 65 urtetik azpikoen artean: Arrasaten, %42k hartu dute txertoa; Bergaran, %45ek; Oñatin, %51,5ek; Aretxabaletan, %40k; Eskoriatzan, %43,52k; Antzuolan, %72k; Elgetan, %29,5ek; eta Aramaion, %46k. Aldiz, BGBK (buxadurazko arnas eritasun kroniko; gaztelaniaz, EPOC) edo bronkitis eta antzeko gaitz kronikoak dituztenen 65 urte baino gazteagoen artean, hauek izan dira datuak: Arrasaten, %32 joan dira txertoa hartzera; Bergaran, %34; Oñatin, %46,5; Aretxabaletan, %48; Eskoriatzan, %22; Antzuolan, %50; Elgetan, %40; eta Aramaion, %33,5.