Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 7a

Hemen, Askapenak eta Euskal Herria Palestina sareak argitara emandako testua osorik: "Aski ezaguna da palestinarrek egunerokoan jasan behar duten zapalkuntza, ongi dakite euren herriaren alde egiteak zenbateko eta noiz arteko kostu pertsonal eta kolektiboak dakartzan.

Euskal Herrian oro har jakitun gara horretaz eta  palestinarrekiko elkartasun sentimendua jendartean zabalduta dagoen gaia dela esan dezakegu. Ba ote dakigu ordea, gure elkartasuna modu eraginkorrean bideratzen? Euskal herritarrok  zer egin dezakegu albistegiak tristuraz edo amorruz begiratzeaz haratago? Galdera hauen erantzuna duela bost urte  palestinarrek eurak eman ziguten: boikota.

Azken urte luzeetan, agintariek eta nazioarteko erakundeek  arazoari irtenbide bat emate aldera ezer gutxi egiten dutela ikusita, Palestinako jendarte zibilak, Israelen aurkako BDS (Boycott, Divestment and Sanctions) nazioarteko kanpaina jarri zuen abian 2005ean.

Hegoafrikako Apartheid erregimenaren aurka egindako boikot eta zigor kanpaina ez-bortxazkoa eredutzat hartuz. Boikotak,  Israel presionatzea du helburu: lurren okupazioa, kolonien eta harresiarekin amaitu, Israelen bizi diren palestinarren eskubideak bermatu eta errefuxiatuek itzultzeko duten eskubidea errespeta dezaten. Azken batean, nazioarteko legedia eta eskubideak errespeta ditzala  eskatzen zaio.

Zenbaitek, bestelako irakurketa oker eta interesatua egin badu ere, juduen aurkako kanpaina gisan planteatuz,  sionismoaren aurkako ekimena da berau, egitasmo  kolonialista eta arrazista baten aurkakoa.

Indar inperialistek ordea, beti  ezkutatu nahi izaten digute arazoen benetako jatorria, honela, erlijio talka gisan erakustarazten saiatzen dira, lurraldetasunarekin eta arazo politiko eta sozialekin lotu beharreko gatazka. Honen erakusgarri da ipar Irlanda, protestante eta kristauen gatazka  gisan erakutsia edo historian atzera egin nahi bada, inoiz ezagutu den genozidio basatiena, hau da, Abyayala edo amerikar kontinentearen kolonizazioa, irizpide teologikoen  arabera  salbamendu bezala azaldua.

Gaur egunera etorriz, boikotaren ildoan azken urteotan  ez dira urriak izan lorturiko garaipen txikiak. Besteak beste, sionismoa ordezkatzen duten kantariak neurriko gaitzespena  izan  dute gurean, Maccabi saskibaloi taldea ere ez da ongi etorria izan  eta Hondarribian Israelgo gastronomia jardunaldia bertan behera utzi zuten.

Aurrerapausoak eman diren heinean boikotaren aurkako errepresioak ere gora egin du, badira milaka eurotako isunak jaso dituzten kideak  hemen ere. Israelen bestalde, ohartu dira boikotak duen edo har dezakeen indarraz eta badaezpadako lege aldaketa egin dute boikota bultzatzen dutenak gogor zigortu ahal izateko.

Oraingo honetan, zuen parte hartzea eskatu nahi dizuegu. Abenduan sartzearekin batera, krisiak krisi, izango da aurten ere zer erosia gabonetan!  Boikotarekin bat eginez ordea, jostailu israeldarren aurkako egitasmoan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Gure jostailu dendetan, Made in israel (729 barra kodea) jostailuak non nahi topa baitaitezke, batez ere, adin txikiko haurren apaletan.

Erosketa arduratsu baten bidez sionisten botere ekonomikoa kolpatu nahi da, isolamendura bultzatuz,  agintariak pausuak ematera behartuz. Jolasteko eskubidea guztiona den heinean, gure jolasek ez dezatela besteen jolasik zapuztu. Ez dezagun jolastu palestinarren zapalkuntzarekin. Joka dezagun arduraz!".

----

Askapena eta Euskal Herria Palestina sarea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak