Andoni Ruiz de Azua: "Hegaztiek gurekin batera hegan egiten dute, ez da arazorik izaten"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko abenduaren 7a

Amillena aire kirol taldeak hitzaldia antolatu du abenduaren 17rako. Hamar bat lagun daude. Inguruko mendietan ibiltzen dira, hegan, hegaztien moduan. Aloña, Kurtzebarri... gurean aukera onak ditugula diote. Hegaldi libreak eta hegaztiak izango dituzte berbagai.

Abenduaren 17an izango da hitzaldia; zer jorratuko duzue?
Hegaztien eta hegaldi libreen arteko harremana jorratuko dugu hitzaldian. Edonori zuzenduta dago, baina badakigu horrelakoetan parapentean dabilen jendea etortzen dela.
Hitzaldi honekin, hegaldi libreen eta hegaztien artean dagoen estigma hori kendu gura dugu. Hau da, esaten da hegaztiak beldurtu egiten direla gurekin, baina hori ez da egia. Hegaztiek gurekin batera hegan egiten dute.

Parke naturaletan hegan egiterik badago?
Parke naturalen gaia dugu orain. Gertatzen dena da dekretuz parke naturaletan ezin dela hegan egin. Ordesan, adibidez, ezin da hegan egin lurretik 1.000 metro baino gorago hegan ez bazabiltza. Hori da antzinako lege bategatik: lehen, hegan hegazkinek bakarrik egiten zuten, eta horregatik ez zuten uzten hegan egiten.
Erakutsi gura dugu guk eta hegaztiek elkarrekin hegan egin genezakeela, inongo arazo barik.

Pedro Txapa madrildarrak egingo du hitzaldia.
Bai; madrildarra da, baina gure elkarteko kide ere bada, era berean. Lehen, delta hegalean ibiltzen zen.
Hemengo hegaztien berezitasunak azalduko ditu eta, horrez gain, bi film labur eskainiko ditugu, ordu laurden ingurukoak.

Zuek egindako filmak izango dira?
90eko hamarkadan egin genuen dokumental bat Arangoitin (Nafarroa). Pedrori ez zaio askorik gustatu, ez dakit ipiniko duen edo ez.

Nolako erantzuna izaten dute antolatzen dituzuen hitzaldiek?
Iaz Oñatin egin genuen hitzaldi bat, GPSaren erabileraren inguruan. Hitzaldi hartara parapente eta delta hegal munduan dabilen jendea joan zen.

Zenbat lagun zabiltzate gaur egun Amillena aire kirol taldean?
Hamar bat lagun, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati eta Antzuolako jendea. Orain dela urte batzuk modan egon zen, baina, azkenaldian, geratuta dago zaletasuna. Banakaren bat hasten da, baina askorik ez. Egia esan, ez dakit zergatik...; izan ere, oso kirol polita da. Gainera, parapente mota asko daude.

Parapentea ere aldatu da azkenaldian.
Bai; lehen, parapentean ibiltzea zen mendira joan eta handik salto egitea, jaitsi arte. Gaur egun, ostera, hegan egiten da. Gure taldeko pilotu batek, esaterako, 156 kilometro inguru egin ditu: Piedrahitan (Avila) irten eta Arconeseraino (Segovia).

Oker ez banago, zuen asmoa distantzia luzeko opena egitea da?
Bai, asmoa da distantzia luzeko opena egitea, baina oraindik zehaztu barik dago. Kirol hau sustatu gura dugu. Kurtzebarritik irtengo ginateke eta lehiaketa izango litzateke nor urrunen iritsi. Irabazleari urdaiazpiko bat emango genioke.

Noiz da garai egokia hegan egiteko?
Maiatz inguruan hasten da eta irailera arte irauten du denboraldiak. Kirol hau eguraldiarekin oso lotuta dago.
Orain dela bi urte Adunako mutil bat Kurtzebarritik irten zen eta Alcanadreraino joan zen (Errioxa), 77 kilometro zuzen. Hortik irten da kirol hau promozionatzeko ideia.

Ibarrean leku aproposak ditugu kirol hau praktikatzeko?
Bai, kirol polita da eta, gainera, leku aproposak ditugu. Aloña eta Aizkorri ingurua, Kurtzebarri... oso leku politak dira. Egun ona izanez gero, ederto pasa daiteke.

Aireratzeko zein toki daude gurean?
Belar eta Kurtzebarri punta. Kurtzebarrira oinez edo lur orotariko ibilgailuarekin joan behar da eta Belarrera autoan joan daiteke.

Kirol honetan hasi gura duenak zer egin behar du?
Beharrezkoa da ikastaro bat hartzea. Sopelan, Gasteizen... har daiteke ikastaroa. Gero, komeni da, batez ere hasieran, taldean ibiltzea. Gu, adibidez, laguntzeko prest gaude.
Hasteko, Kurtzebarri leku egokia da. Aireratzeko toki ona, eta baita lur hartzeko ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak