1. 29 urte ditut eta eskaladaren grina piztu zait. Berandu nabil?
Ez. Finean, beti daukazu kirol honetan barneratzeko eta kirol honek ematen dizkizun satisfakzio guztiak ezagutzeko denbora.
2. Zure grina noiz piztu zen?
10 urterekin. Telebistan ikusi nuen lehenengo aldiz, eta begitik sartu zitzaidan. Probatu egin nuen, eta behin probatuta, ezin izan dut laga bizitza osoan.
3. Pareta batetik zintzilik, ezberdin ikusten da mundua?
Ondo ikusten da mundua; toki polita iruditzen zait dena ikusteko. Nire tokia da; paretan gora eskalatzen noanean ni neu sentitzen naiz, eta hori da ondoen sentitzen naizen momentua.
4. Hainbat txapelketa irabazi dituzu; tartean, mundukoa. Paretarik gustukoena horietakoren baten igo zenuen?
Txapelketak txapelketak dira, eta ez ditut ikusten pareta bezala. Txapelketa bat edozein tokitan izan ahal da, rokodromo baten. Paretak harkaitzekoak dira, eta, azkenean, harkaitzak uzten dizu oroitzapena bihotzean eta buruan.
5. Zenbat paretatan geratu zara erdibidean?
Askotan; pareta edo bide bat igotzerakoan, askotan huts egiten da. Baina ahaleginduz eta ahaleginduz, lortzeko aukera handiagoak daude.
6. Eskaladarako egoskortasun puntu bat beharrezkoa da, beraz.
Bai eta ez. Bizitzan izan behar da burugogorra; markatutako helburuak lortzea ahalbideratu dit horrek. Bai eskaladan eta baita bizitzako beste alderdi guztietan, nahiko ona da burugogorkeria.
7. Urriaren 19an agur esan zenion eskaladari. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Aurretik pentsatutakoa kaleratu nuen; azken urtea, gura nuena egin gabe, oso gogorra izan da. Data ez nuen gogoan, baina momentua berezia izan zen; jendearen jarrera, gainera, oso ona izan zen. Babestuta sentitu naiz.
8. Eskalada surfagatik aldatu duzu. Sentsazio alderagarriak dira?
Ezberdinak dira. Harritzekoa da: berriz eskalatzen saiatu naizenean ez bezala, surfean zerbikalak ez zaizkit kargatzen. Beste kirol bat da, beste pasio bat; gauza asko ditut ikasteko. Irribarre bat ateratzeko zergati bat ematen dit horrek, goizean motibatuta jaikitzekoa.
9. Eskaladak edo surfak, zerk emateko ditu puntu gehiago ligatzeko?
Surfak, beti neska gehiago egoten dira! Ez dago alderik...
10. Noiz eman zenuen azken zapatua ezer ere egin gabe?
Ez dut oroitzen. Oso hiperaktiboa naiz, ezin naiz geldirik egon. Beti zerbait egiten nabil; surfa edo eskalada ezin bada, patinatzea, adibidez.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Teletransportea posible egingo nuke; kilometro asko egiten ditut autoan bakarrik, eta nekatu egiten nau. Bidaiek ere ernegatu egiten naute, baina, era berean, gustatzen zait leku ezberdinetan egotea. Teletransportea, horrenbestez, konponbidea izango litzateke".