Etxebizitza eta Justizia Saila lantzen ari dira bitartekotza-sistema bat. Sistema hori hipoteka-zorraren likidazio ordenatuan oinarrituko da.
Arriolak azaldu duenaren arabera, aldeen artean aurretik izan den zuzeneko negoziazioak porrot egin duenean erabiliko da sistema hori. Bitartekotza-zerbitzuak, zordunaren aktiboaren eta pasiboaren inbentarioa egin eta gero, eta zordunak gehiegizko zorra daukala egiaztatu ostean, pertsonaren
benetako baliabideetan eta ahalmenetan egokitutako ordainketa-plana egingo luke, eta finantza-erakundeari eta hipoteka-zordunari proposatuko lieke, hipoteka-kredituaren baldintzak berriz negoziatzeko formula gisa.
Prozesu horrek prozesu judizialaren aurreko esku-hartzea izan beharko luke; hala ere, "baliteke lortutako akordioak jurisdikzio-homologazioa izatea", Etxebizitza Sailaren esanetan.
Beste esperientzia batzuk aztertuta
Gobernuak lantaldea eratu du bi Sailen artean, honako hauek zehazteko: bitartekotza-zerbitzuaren konpromiso eta zeregin zehatzak, zerbitzu hori erabiltzeko prozedura, giza baliabideen beharra hala badagokio, Justiziarekin Lankidetzan jarduteko Zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak garatzea, e.a.
Horretarako, beste autonomia-erkidego batzuetako esperientziak aztertzen ari dira, hala nola, Kataluniakoak OFIDEUTE zerbitzuarekin.
Gero, Gobernua harremanetan jarriko da finantza-erakundeekin, bitartekotza-zerbitzua eskaintzeko. Bitartekotza-zerbitzua Agindu baten bidez arautuko da, eta, besteak beste, hori erabiltzeko prozedura zehaztuko da. Arriolak esandakoaren arabera, hori guztia ahalik eta azkarren egingo da. "Sistemak juridikoki segurua eta fidagarria izan behar du, hipoteka-betearazpenen eragina ekiditeko", esan du.