Indartsu zabaldu ditu ateak Durangoko 46. Euskal Liburu eta Disko Azokak, beste urte batez. Jende ugari gerturatu da egun batzutan euskal kulturaren bilgune izango den azokara, eta egileek ere ez diete hutsik egin euren irakurle, entzule eta ikusleei. Gaur bertan –domeka– izan dira, besteak beste, Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Harkaitz Cano eta Jon Arretxe sortzaileak. Han izan da Toti Martinez de Lezea idazlea ere bere hiru liburu sinatzen, eta etxeko txikienek eta euren gurasoek ilara luzeak itxaron behar izan dituzte idazlearen sinadura lortzeko.
Zuzenekoak
Zuzeneko kontzertuek ere jarraitzaile ugari hartu dituzte Ahotsenean. Lehen eguneko kontzertu nabarmenenak hauexek izan dira: Arrasateko Ain_1 taldeko neskena eta Esne Beltza taldeak eskaini duena. Gazte eta heldu, agertokiaren beheko aldean batu dira belarriak goxatu eta ondo pasatzeko asmotan.
Galizia, herrialde gonbidatua
Aurtengo herrialde gonbidatua Galizia da eta azokaren inaugurazioan Anton Reixa kulturgileak bertako kultur proposamenaren unibertsaltasuna azpimarratu du.