Arrasaten Euskalgintzak antolatuta grabaketa erraldoia egin dute, gaur, zapatua, eguerdian: Herriko plaza beteta, euskalgintzaren alde lanean diharduten herriko eragileek eta herritarrek hartu dute parte; tartean, Arrasateko alkateak, Nik ere euskaraz bizi nahi dut leloa daraman izara udaletxeko balkoian jarriz.
Egun handia ari da izaten gaur Eskoriatzan ere eta eguerdian bazkaritarako batu dira hainbat lagun; Bergaran hitz gurutzatuen lehiaketan murgilduta ikusi ditugu buru-belarri gaztetxo asko, San Martin plazan; Elgetan Patxin eta Potxin pailazoek gaztetxo zein gurasoen barre algarak eragin dituzte eta ondoren margotze tailerra egin dute. Antzuolan, aldiz, pintxoak eskainiko dituzte 19:00etan gazte txokoko gaztetxo eta begiraleek.
Oñatiko Elkar Heziko ikasle guztiek giza-kate erraldoia egin zuten atzo, egubakoitza, herriko plazan euskararen alde, Bildu, zabaldu eta goratu euskara lelopean. Errekalde Herri eskolako gaztetxoak, aldiz, kiroldegiko kantxan batu ziren kalejiran eta kantuan egiteko. Eta Txantxiku ikastolako DBHko ikasleek Gaztelekuan egin zuten hitzordua, eguerdian. Guztiak elkartu, gorriz jantzi eta ekitaldia egin zuten barruan. Gero plazara atera eta plazako zoruan Euskara hitza irudikatu zuten.
Aretxabaletan ere egubakoitzean egin zuten amodiozko SMS bidezko mezuen lehiaketaren sari banaketa. Irabazlea Garazi Abasolo (15 urte) izan zen, Begiraidazu ta irribarre eging dizut, uki nazazu ta maitk zaitt, emaidaz mxu ta zurea izng naiz, btk mezuarekin. Sari banaketaren ondoren kontzertua izan zen Freedom Boys taldearekin.
Aramaion ipuin kontalaria izan zuten atzo Euskararen Egunaren harira. Zurrunka antzerki taldeko Eñaut Gorbeak saio bikoitza egin zuen, 3 eta 6 urte bitartekoentzat aurrena eta hortik gorako neska-mutikoentzat gero.
Euskararen Eguneko ospakizunak ez dira bukatu eta oraindik ere geratzen da zertaz gozatu!