"Ilusioz beterik gatoz, batez ere iaz izandako arrakasta ikusita". 5.000 lagunetik gora ikusi zuten iaz Oihan Vegak zuzendutako Olentzero&Co musikala eta asko eta asko sarrerarik gabe gelditu ziren. Bada, Gabonotarako hiru emanaldi iragarri dituzte eta dagoeneko hasita daude entseguak egiten.
Lehenengo bi emanaldiak bertan ditugu; abenduaren 8rako iragarri dituzte Bilboko Campos Eliseos antzokian. Debagoienarekin lotura handia duen musikala da honakoa. Zuzendaria zein antzezlari asko gure ibarrekoak dira. Ez hori bakarri, ikuskizunean parte hartzen dute Bergarako orfeoiak, Aritzeta abesbatzak eta Bergarako musika eskolak. Sarrerak salgai daude dagoeneko Arteria.com atarian, BBK kutxazainetan, FNAC-en edo El Corte Ingles-en. Prezio bakarra da; 12 euro.
Abenduaren 27an, Iruñan
Gabonotan hiru emanaldi egingo dituzte, azkena, abenduaren 27an Iruñako Baluarte auditorioan. 20:00etan hasiko da eta sarrera, kasu honetan, 14 euro da. Diziplina guztiak uztartzen dituen obra erraldoia da Olentzero&Co. 200 artista biltzen ditu eta musikaz gain dantza, txotxongiloak, zinea, magia eta akrobazia saioak ere uztartzen ditu. Broadway tankerako pop-rock musikal moduan definitu dute bultzatzaileek. Iaz Arrasaten eta Eibarren egindako emanaldiak bete egin ziren eta jendea sarrera barik geratu zen. Hemen ikuskizunaz gozatzeko aukera berria.