Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak antolatutako sariaren lehenengo edizioa da hau. Sariaren helburua MUko ikasleek karrera bukaerako proiektuak euskaraz egitera bultzatzea da.
17 lan aurkeztu dira sarien lehenbiziko ekitaldira Enpresagintzatik, Goi Eskola Politeknikotik eta HUHEZItik. Aurkeztutako lan guztiak maila tekniko altuko proiektuak dira, 9 notatik gorakoak, eta proiektu irabazlea euskaraz ondoen idatzitako lana izan dela nabarmendu du epaimahaiak. Euskararen kalitatea erabakigarria izan da Irantzu del Portillo Lopezen lana saritzeko orduan. Hiru fakultateetako bina kidek (Joxe Aranzabal, Arantza Ozaeta, Aitor Lizartza, Rafa Altuna, Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga) eta Mondragon Korporazioko Mikel Lezamizek osatu dute epaimahaia.
Mondragon Korporazioko Euskara Batzordearen ekimenez sortu da saria eta, esandako moduan, ikasleek unibertsitatetik lan mundura jauzi egiten dutenean ikasketa amaierako proiektuak euskaraz egitea sustatzea du helburu. Mondragon Korporazioak bere Plan Estrategikoan jaso zuen erronka hori eta MUko fakultateen laguntza izan du.