Madrilen deklaratu ostean etxean dira Korrikan presoen argazkiekin aritzeagatik akusatuak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko abenduaren 1a

Madrilen deklaratu ostean, arratsalderako etxean ziren aurtengo Korrikan presoen argazkiekin antxintxika egitea akusatu dituzten sei debagoiendarrak. Eguerdian deklaratu zuten eta ordu erdi baino ez zuen iraun saioak. Korrikan, pesoekiko elkartasuna adieraztea eta haien eskubideen urraketaz ohartarazi nahi izan zutela esan zuten sei akusatuek, abokatuen galderei erantzunez. Akusatuei entzun ostean, epaileak erabaki beharko du, orain, epaiketa hasi edo ez.

Debagoienera itzuli zirenean, Arrasaten eta Bergaran zain zituzten ehunka herritar, herri batzarrerako deituak izan zirenak. Aurretik, bai asteburuan eta baita egunean zehar ere, hainbat elkarretaratzea egin ziren Arrasaten, Bergaran eta Antzuolan, akusatuei elkartasuna adierazteko.

Bestalde, Bergarako Udalbatzak, astelehenean, mozio bat onartu zuen ildo beretik. Akusatuek eskertu egin zituzten jasotako elkartasun adierazpenak, baina presoekiko elkartasuna nabarmendu nahi izan zuten, "haiek direlako benetan behar dutenak", esan zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak