Gaur joan dira Madrilera deklaratzera Korrikaren azken edizioan presoen argazkiekin antxintxika egiteagatik terrorismao goraipatzea leporatzen dieten sei debagoiendarrak –Bergarako bost eta Arrasateko bat–.
Eurak Madrilen dauden bitartean, gurean babesa adierazteko zenbait mobilizazio egin dira gaur eguerdian. Batetik, Bergarako plazan elkarretaratzea egin dute Elkartasuna ez da delitua lekopean, eta han izan dira, besteak beste, geldialdia egin duten herriko ikastetxeetako hainbat ikasle.
Bestetik, Antzuolako Balzers-Oerlikon lantegian ere orduerdiko elkarretaratzea egin dute, inputatuetako batek han egiten du-eta lan.

Iluntzean Arrasaten ere deitu dute elkarretaratzea. 19:00etan izango da, Herriko Plazan.
Bergarako osoko bilkuran mozioa
Bergaran, bestalde, asteleheneko ohiko osoko bilkuran inputatuei babesa erakusteko Elkartasuna ez da delitua delako mozioa onartu zuen udalbatzak, gobernu taldearen aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EEk kontra bozkatu zuen.
Hiru puntuko mozioa onartuta, batetik, gaurko antolatutako mobilizazioekin bat egin du Udalak; eta bestetik, garai berri hauetan preso politikoen eskubideak errespetatuak izan daitezen bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du.