Finantzaketa lortzeko arazoek langileengan eragingo dutela diote enpresek

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 30a

Gipuzkoako enpresaburuek diote finantzaketa lortzeko arazoak larriagotu egin direla, eta horrek langileengan eragingo duela: hain zuzen, lantaldean "doikuntzak" eragingo ditu. Horrela jakinarazi diote enpresaburuek Adegiko zuzendaritzari joan den astean egindako batzar batzuetan.

Urtero, enpresaburuen iritzia eta kezkak entzuteko eskualdeka batzarrak egiten dituzte Adegiko buruek, eta haietan jasotakoa jakinarazi dute orain.

Finantzazioa lortzeko arazoak dira enpresaburuen kezka nagusietako bat. Beste batzuk hauek dira: berankortasun (morositate) legea betearaztea eskatzen dute; lanaren gaineko legeak "zeharo erreformatu" daitezela, eta ez "itxuran" bakarrik; Foru Aldundiari eskatzen diote lanaren eta inbertsioaren aldeko "apustua"; eta lehiakortasunari laguntzen dion zerga politika ere eskatzen dute.

Kezkatuta daude, gainera, berrikuntzarako diru gutxiago ipini delako; berrikuntzan edo Krisiaren Aurkako Planean enpresendako laguntza gutxiago dagoelako; eta lan publikoetan ere inbertsioak txikitu direlako.

 

Horrez gain, "Gipuzkoak dituen erronkei aurre egiteko" formula eragingarriak eskatzen dituzte, erakunde publikoen eta pribatuen arteko elkarlanaren bidez. Gipuzkoa Aurrera ekimena oso ondo baloratzen dute, eta datozen ekimenak hura bezalako "positiboak" izan daitezen eskatzen dute.

Eduardo Zubiaurre presidenteak eta Jose Miguel Aiertza idazkari orokorrak egin dituzte batzar horiek Gipuzkoako enpresaburuekin. Tolosan, Eibarren, Zarautzen eta Donostian batzartu dira.

Enpresak ixteko arriskua

Diru falta da enpresen arazo nagusia. Enpresaburuek esan dute arazo horiek okerrera egin dutela. Zirkulantea eta inbertsioak, biak finantzatzeko arazo larriak dituzte orain, eta horrek denak "gipuzkoar enpresen inbertsioak arriskuan jartzen ditu, eta lantaldea doitzea, ajustatzea eragingo dute", esan du Adegik. Horregatik, enpresen iritziz, "berebiziko garrantzia" du enpresa handiek eta administrazioek Morositate Legea betetzea.

Azken bi hilabeteetan merkatuak zeharo okertu direla ohartarazten dute enpresek. "Hondatze azkar horrek jarraitzen badu eta finantzatzeko arazoekin jarraitzen badugu, gero eta enpresa gehiagok bizi irauteko zailtasunak izango dituzte", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak