Lehenengo bidegorria Oñatitik Zubillagara artekoa da, 4. ibilbidekoa, Deba bailara ibilbidekoa. Bidegorri hau Epele eta Oñati arteko bidegorriaren zati bat da eta egiteke geratuko den beste zatia Zubillaga-Elorregi-Epele izango da.
Lehenengo zatia, Oñatiko kaskotik Zubillaga auzora artekoa, egiten urte amaieran hasi ahal izateko beharrezko dirua bideratuko da eta 10 hilabeteko epean amaitzea espero da. Guztira, bidegorri zati hori egiteko 1.905.770 euro inbertituko ditu Aldundiak.
Ia lau kilometro
Zati horren ezaugarriei dagokienez, hauek dira nagusiak:
- 3,9 km-ko luzera.
- 3,5 m-ko zabalera. Bizikletak eta oinezkoak erabilera partekatuan eta, zenbait tokitan, ibilgailu-zirkulazioarekin erabilera mistoan.
- Argiteria izango du.
Oñatiko kaskoa industrialdearekin eta lantokiekin lotuko du, Arboletako irteeratik Zubillaga auzoraino. Hala, eguneroko erabilerarako garrantzitsua izatea espero du Diputazioak.
Zubillaga-Epele 2012an
Zubillaga eta Epele arteko zatiari dagokionez, esleipena egiteke dago. Gauza batzuk egin dira (beste proiektu batekin elkarlotuta zihoalako, hain justu ere, Epeleko araztegiko lanak), baina gauza asko falta dira eta itxita dago, arriskutsua delako. Zati hori egiteko 1,9 milioi behar dira, 2012ko aurrekontuan aurreikusita dago eta Aldundiaren planetan lehentasuna du. Behin esleipena eginda, 8 bat hilabete beharko dira bukatzeko.