"Egoera kritikoan izango da Euskadi 2012an"

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 28a

Confebask-eko presidente Miguel Angel Lujuak esan du krisi ekonomikoa "Euskadin geratu" dela eta egoera "kritikoa eta oso zaila" izango dela 2012an. Mariano Raxoiri eskatu dio "merkatuaren likidezia falta" konpon dezala eta lan-erreforma egin dezala, enpresaburuek "merkatuak hala eskatzen duenean kontratatu eta deskontratatu ahal dezaten".

Radio Euskadik egindako elkarrizketa baten egin ditu Lujuak adierazpen horiek. Europa Press-ek batu du elkarrizketa hori.

Lujuak ohartarazi du "datuek" adierazten dutela "geldialdian sartzera" doala euskal ekonomia, eta azken hiruhilekoan ekonomia ez dela ezer hazi.

"Urtea bukatuko dugu Barne Produktu Gordinaren gaineko 0,6 edo 0,7 hazten, eta adierazle guztiek diote 2012an, lehen seihilekoan gutxienez, ez dela hazkunderik bat ere egongo".

Gogora ekarri du Euskadik bere produkzioaren erdia Europara esportatzen duela, batez ere Alemaniara eta Frantziara, eta haiek ere krisian daudela. "Eurek gutxiago inportatzen dute eta guk gutxiago ekoizten dugu. Horregatik, krisia Euskadin gelditu da. Bazirudien 2011ko lehen seihilekoan irtengo genuela, baina eskaerarik ez dagoenez, ez dugu ezer ekoizten, eta horrek egoera oso txarra eta kritikoa izatea ekarriko du", esan du Lujuak Radio Euskadin. Horren ondorioz, enplegu aldetik ere urte txarra izango da 2012a, esan du.

Likidezia, arazo larriena

Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteari, Mariano Raxoiri ere mezu garbia bidali dio Confebask-eko buruak: "Gobernuko presidente gisa, finantzen gaia landu beharko luke lehenengo", esan du. Bere iritziz, "ezinbestekoa" da "merkatuaren likidezia falta konpontzea. Enpresek ez badute dirurik, daukagun baino langabezia gehiago sortuko dute", esan du.

Lujuaren iritziz, bigarren neurria lan-markoa erreformatzea izango litzateke: "Europan dagoen lan-erreferentzia bezalakoa behar dugu. Enpresaburuek euren jarduera muntatzeko dirua izan behar dute, eta, gero, kontratatzeko lasaitasuna, eta euren jarduera kudeatzeko malgutasuna", esan du.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak