Jardunaldia aurkeztu ondoren (09:30ean), Asenta Management Consultants-eko Luis Mauleonek egungo enpresa-testuinguruan eragiketen zuzendaritzaren eginkizuna aztertuko du.
Fagor Taldeko fabrikazio-zuzendari Javier Villafrancak eta industria-proiektuen arduradun Joseba Barrenak garatu duten produkzio-sistema berria zertan datzan azalduko dute. Fagor Manufacturing Systems produkzio-sistemak enpresaren lehiakortasun-posizioa hobetzea du helburu. Sistema hori Fagor Taldeko munduko instalazio produktibo guztietan ezartzen ari da.
Gasteizko Mercedes-Benzen instalazioetako DHL Supply Chaineko eragiketa-gerente David Ruizek LEAN sistematika nola garatzen eta aplikatzen duten azalduko du, eta horrek erabiltzen duten negozio-adierazleetan nolako eragina duen.
Bestalde, Ederlan Taldeko KALDA programaren koordinatzaile Javier de Rivasek programa hori nola jarri den abian azalduko du, adibideak emanez. Hain zuzen, KALDA kalitatearen muturreko hobekuntza xede duen programa bat da, eta kalitatea funtsezko balio bihurtzen du.
Mondragon Unibertsitatearen Eragiketen Zuzendaritzako Masterra ere ezagutzera emango da. "Erabilitako metodologiagatik, master aitzindaria da Estatuan", dio Mondragon Unibertsitateak. Eragiketen edo industria-kudeaketaren arloan esperientziadun profesionalei zuzenduta dago.