Petti izan zen gauari hasiera eman ziona, eta hasiera baten Xabi donostiarra alboan izatea aurreikusita bazegoen ere, azkenean bakarrik jo behar izan zuen. Horrek baina, ez zion indarrik eta sentimendurik kendu beratarraren emanaldiari. Ahots sendoa du Pettik, limurtzailea; baina era berean badaki behar denean ahotsa ia mugaraino urratzen eta atzo erakustaldi bikaina egin zuen. Gitarrarekin ere maisuki aritu zen. Bereak diren Hartu eta eman edo Xoria kantari bezalako abestiez gain, bertsioak ere jo zituen, hala nola Amaiur gaztelu baltza kantuaren edo Ruper Ordorika oñatiarraren Ene begiek kantuarena.
Beratarra baina, ez zen bakarrik aritu emanaldi guztian. Bukaera aldera, Andoni Zubiaga arrasatearrarekin batera Gose taldearen Surik bai jo zuen, eta emanaldiari amaiera emateko, Eñaut Zubizarreta eta bere txeloa batru zitzaizkien, Noiz arte justizia barik disko argitaratu berrian sartu duten abestia jotzeko.
Ipar Amerikako bikotea
Pettiren ostean, Atlantikoa zeharkatu eta AEBko country eta folk doinu tipikoetan murgiltzeko aukera izan zen Lac La Belle bikotearen eskutik. Musika estilo horien erakustaldi bikaina egin zuten bikotea osatzen duten Jennie Knaggsek eta Nick Schillacek. Ohiko gitarraz gain, banjoa eta mandolina ere erabili zituzten, baita akordeoia ere. Aipatzekoa da Schillacek behin baino gehiagotan erabili zuen altzairuzko gitarra, 1920 urte ingurukoa.
Ama eta maitemindu berri den alabaren arteko harremana, tren bati buruzkoak edo etxera bueltatzeari buruzko kontuak kontatu zituzten kantu bidez; bereziki aipagarria izan zen amaiera aldera Oklahomako landa guneei eskainitako pieza hunkigarria. Instrumentuan manejuan bikain, ezin utzi azpimarratu gabe Jennie Knaggsen ahotsa, beharren arabera leuna edo indartsua.