Oinarrizko Errenta eskatzerakoan, frogatu egin beharko da gutxienez hiru urtean EAEn erroldatuta egon dela eskatzailea; edo, bestela, gutxienez bost urtean soldatapeko lana egin duela.
Errenta lortzeko, horrez guztiaz gain, eskatzailea EAEn bizi izan beharko da gutxienez urte betez; edo, bestela, EAEn erroldatuta egon beharko da laguntza eskatu arteko 10 urteetatik bostean, gutxienez.
Lan egiteko derrigortasuna ere onartu zuten: Oinarrizko Errenta jasotzen dutenek, pentsiodunek, erabateko elbarritasuna dutenek eta 23 urtetik azpikoek izan ezik, "gizarte lanak" onartu beharko dituzte "larrialdi egoeretan edo egoera berezietan", legearen testuaren arabera.
Urtarrilaren 1etik aurrera, Oinarrizko Errenta eta dagozkion izapideak Lanbidek eramango ditu.
"Lege aurrerakoia da"
Lege aldaketa hori PSE-EE eta PPren aldeko botoekin onartu zen. EAJ eta UPyD abstenitu egin ziren, eta gainerako alderdiek aurka bozkatu zuten.
PSE-EEko Teresa Laespadak esan zuen legea "aurrerakoia" dela eta gogorarazi zuen EAEn "Espainiako oinarrizko errenten %38" ematen dela. Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak esan zuen helburua dela "enpleguan, eta ez dirulaguntzetan oinarritutako politika soziala" egitea. PPko Laura Garridok esan zuen "bidezkoa" dela hiru urteko gutxieneko erroldapen epea, izan ere, orain arte "onuradunen %44ek lan eskaintzei uko egiten zieten", eta "onuradunen %9ek hiru urte zeramatzaten lan egin gabe".
EAJko Garbiñe Saezek eskatu zuen urte betean atzeratzea legea betearaztea.
"Pobrezia handitu egingo da"
Aralarrek, EAk, IUk eta UPyDk gogor kritikatu zuten neurria: besteak beste, esan zuten pobrezia handiagoa sortuko dela eta 3.500 pertsona oinarrizko errenta gabe geratu direla.
Salaketa gogorrena Euskadiko sindikatu nagusien eta hainbat elkarte, hezitzaile eta giza eragileren aldetik etorri zen. Atzo bertan kale bilkura egin zuten Legebiltzarraren aurrean, eta salaketa idatzia izenpetu dute. Murrizketa "PSEren eta PPren botoez eta EAJren abstentzio zinikoaz" egiten ari dela esan zuten. "Prekarioak, kualifikazio eskasa eta soldata txikiko enpleguak onartzera derrigortuko" dela ohartarazi zuten, besteak beste. Sinatzaileen artean daude ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, SOS Arrazakeria, M15 mugimendua, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua eta beste asko.