Emakumeen kontrako biolentzia salatzeko bilkurak egingo dituzte gaur

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko azaroaren 25a

Gaur, azaroak 25, Emakumeen  Aurkako Biolentziaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Bada, egun hori aldarrikatzeko bailarako ia herri guztietan ekitaldiak antolatu dituzte; batzuk astean zehar dira eta beste hainbat, elkarretaratzeak, batik bat, gaurko deitu dituzte.

Arrasaten, urtero bezala, kartela egin dute nazioarteko egun horretarako propio Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Plataformak eta Udaleko Berdintasun Sailak. Kameraren objektiboa da kartelaren motibo nagusia eta horrekin bi ideia nabarmendu eta aldarrikatu nahi izan dituzte, astelehenean prentsaurrekoan azaldu zuten moduan: berdintasuna eta emakumeen askatasuna eta bizi izateko eskubidea.

Horren harira, 2011n Euskal Herrian, momentura arte, gizonezkoek zazpi emakume hil dituztela ekarri zuten gogora.

Bergaran, protokoloa

Emakumeen aurkako indarkeria kasuen atentzioan parte hartzen duten erakundeen eta udal sailen Koordinaziorako I. Protokoloa egin du Bergarako Udalak.

Protokoloaren helburua da Bergaran tratu txarren edota sexu-erasoen biktima diren emakumeei berehalakoa eta diziplina anitzekoa izango den arreta emateko, babesa eskaintzeko eta dauden askotariko baliabideak haien eskura jartzeko, udalerri-mailan arretan inplikatutako eragileen koordinazioa eta elkarlana bermatzea.

Protokolo hori gaur sinatuko dute, 11:00etan, udaletxean; izan ere, udal arduradunek emakumeen aurkako biolentziaren kontrako nazioarteko egunean egin nahi izan dute. Honako erakundeek hartuko dute parte sinadura ekitaldian: Ertzaintzak, osasun etxeak, Udalak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek eta Lanbide Heziketako institutuak.

Aramaion, puntu morea

Bestalde, Aramaio Udalak eta Iturzuri emakume taldeak, berdintasuna bultzatzeko, dendariei erakusleihoetan gaur puntu morea jartzeko gonbita egingo diete. Udaletxean dagoeneko jarri dute, herritarren kontzientzia pizteko.

Gaurko ekitaldiak

Arrasate

  • 19:00: Elkarretaratzea, Herriko Plazan.
  • Gero: lau film labur emango dituzte Herriko Plazan.

Bergara

  • 11:00: LABek deitutako elkarretaratzea San Martin plazan.

Antzuola

  • 18:30: Elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Aramaio

  • 19:00: Elkarretaratzea, Sastiña parean.

Elgeta

  • 19:30: Elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Leintz Gatzaga

  • 19:00: Elkarretaratzea, Herriko Plazan.

Oñati

  • 18:30: Elkarretaratzea Herriko Plazan. 
  • Bestalde, hilaren 29an, 19:00: Previniendo la violencia sexista desde la participación social delako hitzaldia Carmen Sara Gonzalez Barreiroren eskutik, kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak