Zahar-Berrikoak afari ederrean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 24a

Hasi berri den ikasturtea hasteko eta bidelari eta bidelagunei ongi etorria emateko afari goxoa egin berri dute Arrasateko Zahar-Berrikoek. Arrakasta handiko ekimena izan da, gainera, kontatu digutenez. Guztira, hogeita hamalau lagun elkartu ziren "oso giro onean". Berba-lagun batzuen esanetan, afaria oso gustuko izan zuten. Bertan, jende asko ezagutzeko aukera izan baitzuten. "Aurreko urteetatik programan darraienak eta baita lehen aldiz zetozenak ere mintzapraktikan aritu ziren, mingainak dantzatzen".

"Afari horretara euskaldun zale ugari gerturatu ziren eta honek motibatu egin zituen euskara ikasten ari direnak, hitz berriak ikasiaz etab. Lagun batek aipatu zuen hurrengoan ere honelako ekintzak izaten direnean, mesedez pasatzeko abisua. Egia esan, afaria borobil irten zen" diote.

Bergarakoekin Donostiara

Bestalde, hurrengorako ere hainbat ekintza prestatu dituzte Bergarako Berriketan-eko berba-lagunekin batera, eta herritar guztiek izango dute aukera haiekin joateko. Abenduaren 6an Donostiara joango dira, egun pasa. San Telmo Museora bisita eta, ondoren, bazkaria egingo dute. Interesa dutenek deitu behar dute AEDra edo Jardunera.

Euskara praktikatu

Eta, azkenik, gogoratu nahi dute, urria eta azaroa bitartean Zahar-Berri programako partaidetza ia bikoiztu egin dela. Hori dela-eta, herritarrei mezu hau helarazi nahi diete: "Berba-taldeak osatzeko euskaldun zaharren laguntza beharrezkoa da. Eta, noski, euskara dohainik praktikatu nahi izanez gero, norbaitek astean ordu bete libre hartzea baleuka, dei dezala AEDra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak