Martitzenetik eguenera arte, Debagoieneko 218 familia igaro dira Arrasateko eliza ebanjelistatik. Janari eta edari bila joan dira; izan ere, bertan banatu dituzte Elikagai Bankuak Europatik jasotakoak. Herriz herri, hilean behin egiten dute Bergarako Elikagai Bankutik jasotakoaren banaketa; eta hirutik behin, Europatik datorrenarena, Arrasaten bertan, Debagoiena osorako, kasu horretan.
Boluntarioak dira bertan lanean dabiltzanak: eskaerak bideratu, eta elikagaiak jaso, antolatu eta onartuak izan diren pertsonen artean banatzen dituzte. Pasta, zukuak, arroza, tomatea, gailetak… askotariko elikagaiak –baina beti ere oinarrizkoak– ematen dizkiete bertara doazenei; denetik denei, eta familia bakoitzeko pertsona kopuruaren arabera gehiago edo gutxiago. Elikagai bila joandakoan, hori bai, bizikidetza ziurtagiria eta nortasun agiria eskatzen dizkiete: "Ezin gara beste esparru batzuetan sartu, euren borondate onaren esku dago hein handi baten, benetako beharra izan dezatela hona etortzeko. Hori jakiterik ez daukagu", esan digu Rosa Soriano boluntarioak.
Bertako hartzaileak, gero eta gehiago
Pakistandarrak eta marokoarrak dira onuradun gehienak, baina gero eta gehiago bertakoak. Edozein kasutan, bada bere egoerak hobera egin duela-eta zerrendatik ezabatzeko eskatu eta beste batzuei aukera ematea ahalbidetu duenik ere.
Lokal eske
Eman ez ezik, boluntarioek eskatu ere egin dute, ordea, banaketa-lan hau egiteko dituzten baldintzak ez direlako onenak. Eliza ebanjelikoan egiten dituzte egun banaketak eta hori horrela izateak baditu bere eragozpenak, hainbat egunetan mezak izaten direlako bertan, esaterako. Lokal bat eskatzen dute, beraz, erosotasun handiagoz, euren lana hobeto bete ahal izateko.