Etxebizitza babestuekin iruzur egiteagatik 743 zigor ipini ditu Jaurlaritzak

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 23a

Etxebizitza Sailak etxebizitza babestuen 743 onuradun zigortu ditu, iruzur egiteagatik. Denetara, 1,6 milioi inguruko isunak ipini ditu. Etxebizitza babestuen lehenengo azterketaren ondorio batzuk dira horiek.

Etxebizitza Sailak bukatu berri du babestutako etxebizitzen lehenengo azterketa. Horren barruan, ikertzaileak etxez etxe ibili dira, eta jabego publikoko 53.834 etxebizitza ikuskatu dituzte azken lau urteotan (EAEn 63.000 inguru dira, denetara, 45.000 jabegokoak eta 17.000 alokairukoak). Irregulartasunak topatu zituzten 7.245 kasutan (ikusitako etxebizitzen %13,4), Sailak 1.165 espediente ireki zituen eta horietatik %63 zigorrarekin bukatu dira.

Etxebizitza Sailak esan digunez, "ikerketa aldia bukatu da, baina errebisio sistema iraunkorra izango da". Gainera, jabego publikoko etxebizitza mota guztietara aplikatzen da: jabegokoak, alokairukoak…

Irizpide nagusietako bat da etxebizitza hutsik ez egotea, dio Etxebizitza Sailak. Esleipenduna ez bada denbora baten bertan bizi, justifikatu egin behar du zergatik ez, eta arrazoiak frogatu.

20 milioi alokairurako

Bestalde, Etxebizitza Sailak 2.215 eskari jaso ditu etxebizitzen, lokalen eta eranskinen titulartasun osoa azalera-eskubidean eskuratzeko. Lurraldeka, 490 izan dira Araban, 940 Bizkaian eta 785 Gipuzkoan. Onuradunen %33,86ek aurkeztu dute eskaria. Sailak halako bi eragiketa sustatu ditu, eta bigarrena ekainaren 1etik uztailaren 31ra izan zen. 6.541 eraikini zuzenduta zegoen (2.045 Gipuzkoan). Aurkeztu diren eskarietatik, 1.834 onartu ditu Sailak. 20 milioi euro inguru bilduko ditu Gobernuak, eta babestutako alokairua sustatzeko bideratuko ditu.

Arrasaten, Txaeta Kaleko 5. eta 7. zenbakietako eta Nafarroa Etorbideko 8. eta 10. zenbakietako babes ofizialeko etxebizitzen 104 jabeetatik erdiek baino zerbait gehiagok eskatu zuten etxebizitza erostea horretarako irekitako epean, uztailean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak