Euskal Kantu Txapelketako finalean ariko dira debagoiendarrak domekan

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 23a

Gipuzkoako XV. Euskal Kantu Txapelketako finala jokatuko da oraingo domekan Donostian. Antzoki zaharrean, 18:00etan hasita eta bertan izango dira debagoiendarrak ere: Josu Zubia oñatiarra eta Sara Manzano bergararra, bakarlari ariko dira; Maialen Arratibel eta Eneritz Urrutia arrasatearrak, bikoteka; eta, Bergarako Neu taldea ere bai. Orotara 18 proposamen, bakarka, binaka edo taldeka.

Bi kanporaketa jokatu dira aurten, finalera heldu aurretik. Horietako bat, Bergaran, urriaren 23an. Bestea, Lezon, urriaren 15ean.

Lehiaketan, 27 proposamen aurkeztu dira, eta finalean 18 izango dira. Bailarako guztiek egin dute aurrera eta finalean izango dira. Guztira, 43 kantari izan dira; 40 musikari eta 36 abesti.

Bestalde, finalean, 18 proposamenak entzun ostean, Lain taldeak, azken diskoko lau kanta eskainiko ditu, sari banaketaren aurretik. Talde honek orain dela lau urte hartu zuen parte txapelketan.

Bi sari kategoria bakoitzeko

Bi sari banatuko dira kategoria bakoitzeko (bakarlariak, bikoteak eta taldeak). Baina, sari nagusiez gain, sorkuntza lan onenak ere sari berezia jasoko du. Eta Euskal Herriko Kantu Txapelketa Nagusian parte hartuko duten Gipuzkoako kantariak ere aukeratuko dira.

Gipuzkoako Kantuzaleen Elkarteak antolatu du txapelketa eta urteak daroatza antolatzen, baina 2006tik aurrera, urtero-urtero.

Kantu eta kantari berriak

Txapelketaren helburuak dira, antolatzaileen esanetan:

  • Euskal kantuaren arloan dagoen errepertorio aberatsa berreskuratzea eta ezagutaraztea.
  • Euskararen eta euskal kantuaren inguruan Gipuzkoako kantari gazteak edota hasiberriak elkartzea.
  • Kantu eta kantari berriak plazaratzea.
  • Kantatzeko euskaldunok daukagun ohiturari eustea: kantatzeko ohitura gure kultur izaeraren zati da. "Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak