Europa Press agentziak egindako informazioak diputatuen soldatak eta ordainketak zehazten ditu.
Hala, gehigarri batzuk kobratuko dituzte diputatuek, kongresuan izango dituzten karguen arabera. Hala, kongresuko presidenteak, oinarrizko soldata horrez gain, 9.121 euroko gehigarria kobratuko du; bi presidenteordeek, 1.209,60 euro kongresuko mahaiko kide izateagatik, 1.010,83 euro ordezkaritza-gastu gisa, eta 707,10 euren gastuetarako. Batzorde bateko presidente izateagatik, 1.434,31 euroko gehigarria dago. Idazkariek eta bestelako karguek ere ordainsari bereziak dituzte.
Hego Euskal Herriko diputatuek, Madrilgo barrutitik kanpo bizi diren guztiek bezalaxe, 1.823,86 euro jasoko dituzte hilero Madrilera joan-etorriak, egonaldiak eta gastuak ordaintzeko. Soldata hori iazko berbera da.
Madrildik kanpo bizi direnek ere, Madrilen ibiltzeko auto ofizialik ez badute, taxian ibiltzeko 3.000 euroko txartela izango dute, urte osoan gastatzeko. Bidaiatzen dutenean, garraio-enpresari Kongresuak ordainduko dio, edo 0,25 euro kilometroko, diputatua bere ibilgailuan baldin badoa.
Misio ofizialean irteten badute, Hego Euskal Herrian edo Espainian badabiltza, eguneko 120 euro izango dituzte gastuetarako, eta 150, Hego Euskal Herritik edo Espainiatik kanpora badoaz.
Aurtengo berritasun bat hauxe da: eramateko ordenagailuaren partez, iPad bat emango diote diputatu bakoitzari. Horrez gain, poltsikoko telefonoa izango dute, iPhone motakoa; jesarlekuko ordenagailua, bulegoko ordenagailua, eta ADSL linea ipiniko diote etxean.