Gaur Santa Zezilia eta musikariak kalera

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko azaroaren 22a

Santa Zezilia eguna da gaur, musikarien zaindaria, eta horren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte ibarreko musikariek. Horietako batzuk gaur bertan; beste batzuk astebururako iragarri dituzte eta beste batzuk aurreko asteburuan egin dituzte. Gaur, Oñatin eta Bergaran. Oñatiko Foruen Enparantzan, esaterako, musika ekitaldia eskainiko du Jose de Azpiazu musika eskolak. 17:30ean. Eta 18:30ean, txokolatada. Bergaran, Alai Taldeak kalejira edo txikiteo abestuta egingo du. 19:00etan, Bidekurutzetatik, Guria taberna ingurutik, hasita. Antzuolan, txistulariak aterako dira kalera, 19:00.

Eguenean, Bergarako Musika Eskolako ikasle eta irakasleak, neska-mutikoa atera ziren kalera. Eta, Oñatin, Ganbara abesbatzakoek kontzertua eskaini zuten Santa Anan. Aretxabaletako Musika Eskolakoek ere eguenean ospatu zuten eta abesbatzako kideak ere atera ziren kalera domekan.

Arrasaten egubakoitzean

Urteroko ohitura jarraituz, Arrasate Musikalek ospakizun berezia egingo du. Ikasleek bi kontzertu egingo dituzte: hilaren 25ean eta 27an, egubakoitzean eta domekan.

Lehen kontzertua Kulturaten izango da, egubakoitzean, 18:30ean. Bakarlariak eta talde desberdinak ikusteko eta entzuteko aukera egongo da.

Eguraldi onarekin, plazan

Hala ere, hilaren 27a izango da egun handia. Egun horretan, kontzertu berezia egingo dute. 1992tik hona lehena da eta, printzipioz, San Frantzisko elizan izango da emanaldia. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, baina, eguraldiak laguntzen badu kontzertua Herriko plazan egingo da, 13:00etan. Aurretik, 12:00etan hasita, kalejiran irtengo dira, herriko kaleak alaitzeko asmoz.

Sei pieza eta bost bakarlari

Sei pieza interpretatuko dituzte eta horietatik bostetan, bakarlari batek edo bik eramango dute piezaren ardura.

Bakarlari horien artean daude Markel Uribarren tronboi jolea (Rimsky Korsakov-en pieza), Enrike Dolara tuba jolea (Edritch Siebert), Xabier Markiegi bonbardino jolea (Joaquin Rodrigo), Aitor Aranburu klarinete jolea (Mikel Markiegi) eta, azkenik, Asier Goitia fliskorno jolea eta Jose Mari Barrutiabengoa tronboi jolea (Nat King Cole). Mikel Markiegi izango da zuzendaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak