Kazetarien iritzia eta balorazioa

Maider Arregi 2011ko azaroaren 20a

Fermin Etxegoien, Gaztea Irratia; Joseba Lezeta, El Diario Vasco; Felix Iriarte, Noticias Taldea; Xabier Letona, Argia; Unai Loidi, EITB; Maria Agirre, Euskadi Irratia. Jarraian euren iritzi eta balorazioa:

Fermin Etxegoien, Gaztea Irratia

"Euskal Herritik bi alderdi abertzalek taldea izango dute Madrilgo legebiltzarrean, eta hori ez da orain arte inoiz gertatu. Nafarroan, Geroa Bai eta Amaiurren artean botoen %25 lortu dute; abertzaleak ordezkatuta daude han, beraz. Bestelakoan, Amaiurrek sendotasun handia erakutsi du lurralde guztietan.

Espainian, PP jaun eta jabe izango da. Oro har, boto gehienak posibilismoaren inguruan batu dira, baina badago Europari eta sistemari planto egin nahi dien jende asko, eta hor daude alderdi txikiagoak. Aipagarria da ere CiUk sei jesarleku gehiago lortu izana, PSCren bizkar, lehen aldiz".

Joseba Lezeta, 'El Diario Vasco'

"Amaiurrek Udal hauteskundeetan izan ziren emaitzak sendotu ditu; igo baino gehiago, kontsolidatu egin da. Gipuzkoan, boto abertzalea argia da, eta EAEn ere bai, alde batzuekin lekuaren arabera; Araban, aipagarria da Amaiurrek EAJk baino boto gehiago izatea. Oro har, Udal hauteskundeetan ikusi ziren joerak berretsi egin dira.

Espainian, espero zena gertatu da: PSOEk kolpe handia izan du, eta Andaluzian ere, bere gotorlekuan, galdu egin du. Koiunturak eragindako emaitzak izan dira, eta PSOErendako zigor-botoa egon da; horrez gain, PSOEko jarraitzaile asko ez dira bozkatzera joan".

Felix Iriarte, Noticias Taldea

"Espainiako hauteskundeetan PSOEk eta PPk lortu izaten dituzte boto asko, baina orain, inoiz ez bezala, abertzaleek emaitza bikainak lortu dituzte: 11 diputatu, zazpiren kontra. EAJk eta Amaiurrek, biek batera, botoen %50 baino gehiago dute, erabateko gehiengoa. EAJk Amaiurren tsunamiari eutsi dio, erronka sendo hartu duen erakusle. Nafarroan, GB eta Amaiurren arteko lehia egon da eta abertzaleak diputatu bat gutxiago izateko arriskuan izan dira; horretaz hausnartu beharko lukete.

PSOEk urte batzuk beharko ditu hobetzeko. Irtengo da, baina kolpe gogorra hartu du oraingoan".

Xabier Letona, 'Argia'

"Garai berrietatik espero zen emaitza lortu da hauteskunde hauetan. Maiatzeko Foru eta Udal hauteskundeetako joera mantendu da; errealitate berri bat dago. Aipatu, lehia estua dagoela EAJ eta Amaiurren artean. Zerbait historikoa izan da alderdi abertzaleak lehenengo geratu dira-eta EAEn. Hau ez zen gertatzen 1977tik. Nafarroako kasua, zuhurtziaz hartu behar da, baina historikoa izan da. Alderdi abertzaleek Amaiurrek eta Geroa Baik ordezkaritza lortu dute-eta. Eta Espainia mailan ez da nobedaderik egon, aurreikusten zena. Raxoik ospatze diskurtsoa eman beharrean inbestidura diskurtsoa eman duela ematen zuen".

Unai Loidi, EITB

"Bipartidismoaren ondorio dira emaitzok eta hala jarraituz gero, lau urte barru PSOEk irabaztea ez litzake harritzekoa izango. Inkestek aurreikusten zuten emaitzak eman dira. PPren EAEko emaitza onak ere bipartidismo horren ondorio direla deritzot. Izan ere, Amaiurren sarrerarekin ere hemengo eserlekuak mantendu dituzte.

Amaiurren emaitzak ez dira sorpresa izan, Udal hauteskundeetako emaitzak eta ETAk armak behin betiko uzteko iragarpenaren ostean.

Bestalde, interesgarria litzateke emaitza hauek Gasteizera eramatea, hau da, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan indarrak nola parekatuko ziren ikustea".

Maria Agirre, Euskadi Irratia

"Mapa politiko berria utzi digute hauteskunde hauek. PPren garaipena handia izan da, baina bihartik aurrera duten egitekoa ikusita, beharbada bertigo apur bat emateko modukoa izango da. Popularrentzat batere errazak izango ez diren lau urte izango dira. Etxera etorrita, hurrengo Jaurlaritzara begira jartzeko balio dezakete emaitzek. EAEn, Bildurenak, segida izan du Amaiurren garaipenarekin. Hala ere, jeltzaleek eutsi diote. Patxi Lopezen gobernuari, berriz, iraungitze data gero eta argiagoa ikusten zaio. Emaitza hauek are interesgarriago egingo dituzte EAEn urte eta erdi barru beharko luketen hauteskundeak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak