Xabi Otero: "Euskaldunok nortzuk garen eta nondik gatozen argi utzi nahi dugu"

Asier Alkorta 2011ko azaroaren 21a

Euskal Herriko ondeare kulturala eta historikoa aztergai duen Jauzarrea Fundazioko kidea da Xabi Otero (1953, San Adrian-Nafarroa). Argitalpen batetik bestera, Fundazioa, Otero buru duela, euskaldunek munduan barrena duten lotura genetikoa aztertzeko proiektua garatzen hasi zen duela urte batzuk. Proiektua oraindik amaituta ez badago ere, adituak batu eta ondorio orokor batzuetara ailegatu da Jauzarrea: litekeena da euskaldunak Europako lehendabiziko biztanleak izatea.

Nola hasi zineten euskaldunen leinua aztertzen? Zerk piztu zizuen interesa?
40 urte daramatzat Euskal Herriko ondare kulturala biltzeko lanetan. Bai argazkilaritzaren alorrean, baita liburuen diseinuan eta argitalpenean ere. Urte hauetan guztietan jende asko ezagutu dut. Duela hamar bat urte konturatu nintzen euskaldunon historian zer edo zer falta zela. Historia ez zegoela osatuta. Horrela, sakabanatuta zegoen informazioa jasotzen hasteko proposamena egin nuen eta lanean hasi ginen. Zegoen informazio guztia bildu eta argitalpen baten biltzeko lanei ekin genien. Ideia honen inguruan mundu osoko 300 bat lagun elkartu ditut. Haiek egindako ikerketetan jasotako ondorioekin eta guk batutako informazioarekin, euskaldunak zer izan garen eta zer garen azaltzen saiatzen ari gara. Kontestu horretan, hipotesi berriak mahairatzea eta horien gainean eztabaidatzea proposatzen dut nik.

Baina egia da euskaldunok Europako lehenengo biztanleak izan garela?
Antropologo eta genetistekin hitz egin eta gero, euskaldunok lehenengo aldiz Europara etorri ziren homo sapiens espeziekoen leinua daukagula ondorioztatu dugu. Duela 45.000 urte homo sapiens espezieak Europara migratu zuen, Asia erdialdetik, eta migratu zuen talde hori Frantziako hegoaldean, Pirinioetan, Asturiasen eta lurralde honetan kokatu zen. Neanderthalak ere hor bizi ziren. Dirudienez, zientzialarien iritziz, hasierako biztanle haiek beste giza espezie berri bat bezala ezagutzera heldu ziren: Cro-Magnonak. Mendeetan Europako gune honetan elkarbizitzen eman eta gero, Glaziazio Aroa heldu zen. Ordura arte sakabanatuta bizi ziren gizaki espezie haiek Bizkaiko Golkoan elkartu ziren, bizirik irauteko. Glaziazio Aroa amaitzean, biztanleria handitzen joan zen eta izotza desagertu ahala lurraldeak okupatzen hasi ziren; zabaltzen joan ziren. Horrela, Gales eta Erresuma Batuko hasierako biztanleek lotura zuzena dute euskaldunekin. Hori guztiori 2005-2006 urte aldera argitaratu zen eta orain arte kontatu den historia berridatzi beharra ekarri du. Hizkuntzalariek ere protoeuskara izeneko hizkuntza Europako lehenengo hizkuntza izan zela ziurtatu dute.

Baieztapen hori Unescok ontzat ematen badu, zer onura ekarriko digu euskaldunoi?
Guk, proiektu hau proposatzerakoan, lehenengo eta behin gure kolaboratzaile guztien babesa bilatu dugu. Ikerlari bakoitzak, modu espontaneoan, adituek jasotako ondorioak eta guk batutakoak baieztatzea nahi izan dugu. Eta dagoeneko batzuk hasi dira gure hipotesiak babesten. Protoeuskara bera Europako lehenengo hizkuntza izan zela onartzen bada, Unescok gizon-emakumeen ondare moduan onartu beharko du euskara bera. Prestigioa irabaziko genuke.

Informazio hori zergatik ez da orain arte bistaratu?
Gaur egun gure gizarteak funtzionatzen duen moduan, oso zaila da medioen arreta erakarri eta ikerketa baten ondorioak argitaratzea. Ondorio horiek ezin dira lau lerrotan argitaratu, zabal agertu behar dute, eta, zoritxarrez, gaur egun hedabideetan ez dago horretarako lekurik. Gai hau mundu guztiarentzat da interesgarria, baina, hasiera baten, gutxiri interesatzen zaie. Hasiera baten, Euskal Herriarekin lotuta dagoen edozer gutxietsi egiten da. Guk ez dugu uste euskaldunok bereziak garenik, baina zer garen gorde nahi dugu.

Orain arte, beraz, gure historiari dagokionez, ezjakinak izan gara.
Zorionez, Euskal Herrian gizarte alorra lantzen dutenak asko dira. Guk alor historikoa landu eta garbi utzi nahi dugu, biztanleria guztiak erraz ezagutzeko nortzuk garen eta nondik gatozen.

Irailean Tras la estela de los balleneros vascos nazioarteko kongresua egin zenuten. Ze ondorio atera zenuten?
Nire asmoa euskaldunek mundu osoan zehar duten leinuak detektatzea zen. Guztira, Kanadako eta Europako hamabi hizlari ekarri genituen. Haiei geneukan proiektuaren funtsa azaldu genien eta euren laguntza, babesa, eskatu genien. Eta lortu egin dugu. Orain haiek ere proiektuan barneratuta daude. Kongresuan ezagutzen duguna baino askoz material gehiago dagoela ikusi dugu.

Hasiera baten, zeuden galderei erantzuteko zen kongresua. Ikusten dudanez, galdera gehiago sortu ziren.
Egia da. Hizkuntzaren alorrean, esaterako, identifikatu gabeko hitz berriak agertu ziren gure arteko elkarrizketetan. Ikertzen jarraitzeko medio gehiago dauden heinean, orduan eta gauza gehiago ateratzen dira.

Informazioa biltzeko lan horretan, zer izan da zailena edo harrigarriena?
Lan honetan zailena jendea konbentzitzea da. Ezagutzen zaituztenak laguntzeko erraz konbentzitzen dituzu, baina ezagutzen ez dituzunei proiektua saldu egin behar diezu. Komertzial baten lana bezala da. Niri, saltzeko modu hori gogorra egiten zait. Baina egin egin behar da.

Erakundeen babesa faltan sumatzen duzu?
Hasiera baten, proiektu honek autonomoa izan behar zuen. Eta orain ere horrela da. Ez dugu nahi erakundeekin lotura eta konpromiso zehatzik hartu. Erakunde ofizialak tartean sartzen direnean interesak agertzen dira eta horrek ikerketa kutsatzen du. Gu orain ikerketak bideratzeko askeak gara eta hori eskertu egiten da. Behin lana eginda dagoela, orduan joko dugu erakundeetara.

Zer da eta zertan datza Oreina Urkian Kanata?
Gure proiektu osoa Jauzarrea da. Hiru hitz horiek euskaldunek Kanadan duten leinua aztertzeko proiektua biribiltzen dute. Hitz horien arrazoia ondokoa da: Oreina hitza oraindik haiek erabiltzen dute. Gure logoan oreina agertzen da, urkiz betetako baso bat atzean duela. Urkia Kanadakoek asko erabiltzen duten materiala da eta oreina beti dago urki artean, horregatik sartu dugu hitz hori, eurentzat esanguratsua delako. Eta Kanata hitza euren lurraldearen jatorrizko izena da.

Aurrera begira zer geratzen zaizue egiteko?
Informazioa biltzen jarraitzeko beste lau kongresu geratzen zaizkigu, urtaro bakoitzean bat. Lan guztia egiten dugunean, espero dugu datorren urterako prest egongo dela, dena batu eta nobedadez betetako lana argitaratzeko moduan egongo gara.

Azkenean, "euskaldunak leku guztietan daude" esaera egia izango da?
Ba bai. Barandiaranetik hasi eta haratago joanda, kondairek esaten dutena, euskaldunok eta euskara Europako zaharrenak direla, egia da eta hori guztia berretsi nahian gabiltza, adituen ikerketak jaso eta batuaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak