Puntu premiak baldintzatutako derbian, indartsu atera zen zelaira Aloña Mendi. Hamargarren minutua betetzerako eman zion lehen sustoa Mondrari, eta sustoa bakarrik, epaileari esker: arrasatearrek zelai erdian urruntzen asmatu ez zuten baloia jaso zuen Unai Bikuñak eta Mikel Zabala azken atzelariak lurrera bota zuen. Epaileak txartel horia atera zion, gorria izan arren.
Baina bost minutura heldu zen etxekoen lehena, aurkako falta batetik kontraerasoa eginda, eta hamar geroago bigarrena, aldeko falta aprobetxatuta: lehenengoan Asier Ugartek pasea Roberto Idigorasi, eta honek gola; bigarrenean protagonista berak, paperak trukatuta. Ugartek eta Idigorasek min asko egin zuten erasoan bi hegaletatik.
Beste hainbat aukera ere izan zituen Aloñak lehen zatian, baina Mikel Gartzia Mondrako atezainak eragotzi zuen gola. Aldiz, eurena egin zuten arrasatearrek atsedenaldi aurretxoan, Markel Crespok buruz falta errematatuta; baina oñatiarrek astia izan zuten oraindik, Unai Bikuñaren bitartez –nola ez, Asier Ugartek baloia buruz utzita– hirugarrena egiteko. Gol ederra izan zen, buelta erdian, postura behartuan, eskoadrara. Oro har partidu osoan moduan, baina, atzean bigunegi ibili ziren arrasatearrak.
Bigarren zatiko hamargarren minutuan Andoni Aizpuruak egin zuen Arrasatekoen bigarrena, falta ate erdira jaurti baina Aloñako atezainak huts eginda.