Oro har, gutxi gorabehera, inkestek ziotena bete da, inkesta guztiek gauza bera esaten ez bazuten ere. Eta, Espainian, PP nagusitu da, eta erabateko gehiengoa lortuz, gainera. Ikuskizun dago ze ondorio duen horrek ekonomian, finantza merkatuetan, langabeengan, herritar ororen eskubide murrizketetan…
Ze, argi dagoena da, bai EAJren, baina baita Amaiurren eragin ahalmena, gutxitu egingo dela Madrilen. Inoiz baino gehiago, Euskal Herrira begira jardun beharko dute bi indar abertzaleek. Keinuak, antzezpena, zarata… izango dira garrantzitsuago, isileko lan neketsu eta praktikoa baino.
Abertzaleak nagusi
Historikoa izan bada PPk Espainian lortutakoa, gauza bera esan daiteke abertzaleek Euskal Herrian lortutakoaz. Botoetan, PP izan da nagusi, UPNkoak gehituta, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak batuta. Gutxigatik, ordea: Amaiurri 3.000 botoren aldea atera dio bakarrik. Sozialistak ondoren eta EAJ laugarren. Lau indarrak, halere, boto gutxiren aldearekin. Baina, eserlekuei dagokienean, abertzaleak Konstituzionalisten aurretik Hego Euskal herrian: 13 (Amaiur+EAJ+Geroa Bai) eta 10 (PP-UPN+PSOE). Eta hori, historikoa da.
Euskal Autonomia Erkidegoan EAJk boto gehien
Euskal Autonomia Erkidegoan EAJk lortu ditu boto gehien. Aise gailendu da, gainera. Baina Amaiurrek irabazi du eserlekuei dagokienean: 6-5. Orotara, Amaiurrek lortu ditu 7 ordezkari eta EAJk, 5. Nafarroan, Geroa Bairen aldeko botoa eskatu zuen EAJk eta hark eserleku bat lortu du. Geroa Baik eutsi izana, Uxue Barkosekin, nabarmentzekoa da. Esan behar da, bestalde, Senaturako, EAJk 4 ordezkari lortu dituela eta Amaiurrek, berriz, 3. EAJk eta Amaiurrek talde propioa izango dute Kongresuan.
Basagoitiren arnasa lepoan
Lopezen agintea noiz amaituko den ikuskizun dago orain, sozialisten deskalabruaren ostean. Raxoi eta Basagoitiren arnasa lepo ondo-ondoan sentituko du aurrerantzean Lopezek, orain arte baino gertu eta intentsuago. Halere, Basagoiti ez da pozik egoteko moduan. PPk Espainian izan duen gorakada ez da hemen gertatu.
Abertzaleek, Lakuarako karrera hasiko dute gaurtik aurrera, lehia bizi, gogor eta interesgarrian. Ikuskizun dago: zeintzuk diren lehendakarigaiak eta Amaiur berriro ere aurkeztuko den ala ez; zer gertatuko den Sorturekin eta Aralarrek zer erabakitzen duen aurrerantzean. Nafarroako emaitzak argigarriak izan dira eta aztertzea merezi du Amaiurrek Nafarroan lortutako emaitzak, ziur, espero zituztenen azpitik. Aralarren boto asko Geroa Baira joan dira.
Espainian, Katalunian…
Nabarmentzekoak, azkenik, CIUren gorakada Katalunian, eta IUren eta UPyDrenak Espainian. Eta alderdi berriak: Compromis, Valentzian (IUren marka beste talde batzuekin) Fac, Alvarez Cascosena, Asturiasen.
Bi debagoiendar Madrilgo Gorteetan
Bi debagoiendar izango dira Madrilgo Gorteetan. Hala erabaki zuten atzo gipuzkoarrek. Batetik, Maite Aristegi (1962) bergararra (Amaiur). Kongresuko diputatuetako bat izango da. Bestetik, Lore Leanizbarrutia (1956) aretxabaletarra, EAJren senatarietako bat izango da. Azken honek badu esperientzia zeregin horretan, aurreko legealdian ere senatari izan zen-eta. Aristegi berria da, baina pozik doa Madrilera. Aristegik alaba bi ditu eta Leanizbarrutiak seme bi. Euskal Herriaren interesak defendituko dituztela nabarmendu dute biek ala biek.