Aretxabaletak ondo lortu zuen lehenengo zatian Beriok egin ohi duen joko ona ezerezean uztea. Beriokoek arriskua baloi luzeen bitartez sortzen ahalegintzera jo behar izan zuten, eta UDAkoenak izan ziren aukera garbienak.
Estrategia jokaldi batean, baina, atezainaren aurrean bakarrik geratu ziren euren hiru jokalari, eta horrela iritsi zen lehenengo gola. Aretxabaletarrei jokoz kanpokoa iruditu zitzaien jokaldia.
Bigarren zatian berdinketaren bila atera ziren; baina, Juanan Cruz entrenatzailearen arabera "gauza arraroak" hasi ziren gertatzen. Epaileak edozergatik atera omen zizkien txartelak –hamar hori eta hiru gorri– eta irizpide desberdina erabili ei zuen talde bat eta beste zigortzeko. UDAkoak harrituta geratu ziren gero, ikusi zutenean epaileak aktan lau hori eta gorri bakarra jarri zituela, "gaizki aritu zela pentsatuta?", galdegiten dute.
Bergarak penaltia huts
Rotetaren zelaian ondo hasi zen Bergara, lehen 20 minutuetan dominatuz. Pedrok gola egin zuen mahoneroentzat, baina bost minutura kontrako penaltia adierazi zien epaileak, izan ez zena, Neca Galan bergararren entrenatzailearen arabera, eskua areaz kanpo izan zelako.
Bigarren zatian, deskuidu batean bigarren gola jaso ondoren, luzapenean penaltia izan zuen alde Bergarak, baina Rotetaren atezainak geratu egin zuen jaurtiketa.