Neurketa aurretik oroigarriak eman zizkioten elkarri Realeko, Zaragozako eta Mondrako ordezkariek, eta etxeko kadeteek kantuz zoriondu zuten Arrasateko emakumeen taldea, 25. urtemugagatik. Ospakizun ekitaldietako bat izan zen partidua.
Lehiari dagokionez, lehenengo zatian Realak izan zuen baloia, baina ez zuen aukera askorik sortu. Horiek eta golak bigarrenean iritsi ziren. Uxue Garmendia eta Idoia Agirre izan ziren golegile. Lehen gola kontraeraso bizkorrean heldu zen, eta bigarrena bat-biko eder baten ondoren. Sokoa Azkaratek ez zuen lan handirik izan. Amaieran pozik agertu zen Mondraren urteurrena –12 urte egin zituen berak taldean– ospatzeko aukera izanagatik eta zaleei eskatu zien neskak animatzen jarraitzeko.
Selekzioa, Bergaran ere bai
Mondrak gazte mailako Euskal Selekzioaren kontra jokatuko du bihar, martitzena, Mojategin (18:00); egun berean (17:30), Bergarako kadeteek 16 urtetik beherako Euskal Selekzioaren kontra jokatuko dute Ipintzan.