Kontsumobideren eskumenen eta helburuen artean, hauek daude: bitartekaritza eta arbitrajea, erreklamazioei erantzutea eta merkatua eta informazioa kontrolatzea. Hori guztia, herritarrengandik gertu eta gatazkak arin konponduta egingo du.
Lau telefonia-operadore nagusiekin hitzarmen bat sinatu du Kontsumobidek, posta elektronikoaren bidez egindako erreklamazio-tramiteak arintzeko. Horri esker, operadoreek konpromisoa hartu dute Kontsumobidetik bidalitako erreklamazioak ahal bezain azkar erantzuteko, eta, gero, Institutua bera izango da erreklamazioa egin duenari bide bera erabilita erantzuteko arduraduna.
Institutuaren beste helburuetako bat da enpresen eta profesionalen erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea, jardunbide egokietan aurrera egiteko. Halaber, bitartekaritza- eta arbitraje-jarduerak sustatuko dira aldeen artean hitzarmenak lortzeko, eta KIUBekin eta Kontsumitzaileen Elkarteekin dauden harremanak koordinatuko ditu, kontsumitzaileak babesteko eta haien alde egiteko ahaleginak bateratzeko.
Merkatuaren ikuskapenari eta kontrolari garrantzia emango zaio: alerta-sarearen bidez, produktu arriskutsuak merkatutik kentzea eta enpresek arauak betetzen dituztela ziurtatzea.
Herritarrok bi bide nagusi dituzte informazioa jasotzeko edo Kontsumobiderekin kontaktuan jartzeko: telefono zenbaki bat (900 60 05 00) eta bloga (blogkontsumo.net).