Gorteak aukeratzera deituta daude 51.156 debagoiendar

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 20a

Gaurko hauteskundeetan, Espainiako legebiltzarra osatzen duten bi ganberetako kideak aukeratuko ditugu. Hego Euskal Herriak 23 diputatu izango ditu Kongresuan, eta 16 kide Senatuan. Goizeko 9etan ireki dituzte hauteslekuak eta 20:00ak arte izango da botoa emateko aukera.

Espainiako botere legegileak eratzeko

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak dira azaroaren 20koak. Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatzen dituzte Gorteak, eta Espainiako botere legegileak dira. Gorteei dagozkie honako eginbeharrak: aurrekontuak onartu, Espainiako Gobernua kontrolatu eta Espainiako Konstituzioak ematen dizkien beste hainbat betebehar.

Kongresuko eta Senatuko kide berriek abenduaren 13an egingo dute eraketa-batzarra.

Sei diputatu aukeratuko ditugu

Kongresuak 350 diputatu ditu. Hego Euskal Herriko eta Espainiako lurralde edo probintzia bakoitzari kopuru jakin bat aukeratzea dagokio, bere populazioaren arabera; baina bakoitzak gutxienez bi aukeratu behar ditu. Gipuzkoak sei diputatu aukeratuko ditu oraingoan.

Senatuak ez du kide kopuru finkorik

Espainiako lurralde-ordezkaritzarako ganbera da Senatua. Bere funtzio batzuk hauek dira: legeak onartzeko zein Estatuko aurrekontu orokorrak onartzeko prozesuetan parte hartzea, Estatuko aurrekontu orokorren onarpenean ere parte hartzea, Gobernuaren kontrol politikoa egitea eta denon intereserako gaien inguruan informatzea eta ikertzea.

Senatuak ez du kide kopuru finkorik. 2008-2011 legealdian, 264 senatari izan ziren, eta hurrengo legealdian, 266 izango dira.

Botoak askotariko 'balioak' izan ditzake

Kongresuko eserlekuak D'Hondt Arauaren arabera banatzen dira.

Honela funtzionatzen du D'Hondt arauak: lehenengo, zirkunskripzio edo barruti bakoitzean emandako baliozko botoen %3 baino gutxiago jaso dituzten hautagaitzak baztertu egiten dira; gero, handitik txikira, zutabe baten jartzen dira gainerako alderdiek lortu dituzten boto kopuruak; segidan, hautagai edo alderdi bakoitzak lortu duen boto kopurua zatitzen joaten da (1, 2, 3…), eta zatitzaile handiena barruti horri dagozkion jesarleku kopurua izango da. Bukatzeko, zatidura handiena lortu duen alderdiari jesarleku bat ematen zaio; bigarren zatidura handiena lortu duenari, beste bat; hirugarren handiena lortu duenari, beste bat…denak banatu arte.

Boto zuriak, alderdi handien onerako

Boto zuria ere baliozko botoa da. Zuriz bozkatzeko, hautestontzian gutunazal itxia hutsik sartu behar da.

Boto zuri asko jasoko balira, alderdi politikoei arreta-deia izango litzateke. Baina hori gertatzeko moduko kopururik ez da inoiz egon. Hala, D'Hondt araua aplikatuz gero, alderdi bozkatuenek aukera handiagoak dituzte jesarlekua lortzeko, eta alderdi txikiek, aukera txikiagoak.

Norberak sartuko ditu botoak ontzietan

Hauteslekuak 09:00etan irekiko dituzte jendearendako. Norberak dagokion hauteslekuan eta mahaian bozkatu behar du.

Hautesleak banan-banan aurkeztu behar dira mahai aurrean eta mahaiko presidenteari izen-abizenak esan behar dizkio. Bokalek eta interbentoreek haren izen-abizenak eta bozkatzeko eskubidea egiaztatuko dute. Hautesleak presidenteari gutunazal edo gutunazalak emango dizkio, eta presidenteak ozen esango du hauteslearen izen-abizena eta "Bozkatzen du" gaineratu. Orduan, gutunazalak itzuli behar dizkio hautesleari, eta berak bere eskuz sartuko ditu ontzian edo ontzietan.

Bailarakoak EAEko hiru lurraldeetan

Debagoieneko 11 lagun daude Amaiur, EAJ, PSE, PP, Ezker Anitza eta Equo alderdien zerrendetan. Gehienak Gipuzkoako zerrendetan daude: Amaiurren zerrenda-burua, Kongresurako, Maite Aristegi bergararra da; Esther Larrañaga eta Joseba Ugalde arrasatearrak 1. ordezkoa eta 3.a dira, hurrenez hurren. EAJtik, Senaturako, Lorea Leanizbarrutia aretxabaletarra zerrenda-burua da, eta Arrasateko zinegotzi Juan Karlos Garitano, Senaturako 2. hautagaiaren ordezkoa. Ezker Anitza alderdian bi debagoiendar daude Kongresurako zerrendan: Isabel Salud bergararra 3.a da, eta Juan Luis Merino eskoriatzarra, 6.a. PSE-EEk Senaturako 3. hautagai moduan du Blanca Roncal.

Araban, Izaskun Moiua oñatiarra EAJren 3. hautagaia da Senaturako, eta Itziar Lamarain arrasatearra, PPren Senaturako lehenengo hautagaiaren 2. ordezkoa. Bizkaian, Junkal Arruti bergararra Equoko zerrenda-burua da.

Australian, derrigorrez bozkatu behar dute

Herrialde batzuetan, ofizialki derrigorrezkoa da botoa ematea, baina, praktikan, ez da zigorrik ipintzen: adibidez, Frantzian, Italian edo Grezian.

Beste herrialde askotan, ordea, praktikara eramaten da derrigortasun hori eta diru-zigorrak, kartzela-zigorrak edo bestelako zigorrak (ordezko zerbitzu sozialak egitea, adibidez) ezartzen dituzte: hori gertatzen da Australian, Argentinan, Txilen, Ekuadorren, Brasilen, Luxenburgon eta beste batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak