Martin Garitano: "Egoerari aurre egiteko, aldaketa fiskal sakona bultzatuko dugu"

Asier Alkorta 2011ko azaroaren 16a

2012ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuek "politika berri eta politika egiteko modu berri bat" erakutsiko dutela esan du Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak. Aurrekontu parte-hartzaileak egin nahian, Garitano, beste batzarkide batzuekin batera, Arrasatera gerturatu da gaur eta herriko eragileen eta norbanakoen iradokizunak eta galderak entzun ditu. Besteak beste, bizi kalitatea hobetzeko gizarte gastuak eta Udalen Foru Kutxan diru gehiago inbertituko duela esan du Garitanok, "nahiz eta doikuntza garaian egon". Aldaketa fiskal sakona ere iragarri du.

Garitanorekin batera, Idoia Arantzabal Bilduko batzarkidea, Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguez, Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta bide-azpiegituretako diputatua eta Arantxa Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendaria egon dira Kulturateko areto nagusian.

20 urterako zorrak

Ahaldun Nagusiaren esanetan Aldundiaren egoera ez da bat ere ona. "20 urtetarako zorrak ditu eta guk ez duguna nahi da gehiago zorpetzea. Ezin dugu nahi duguna egin, egoera den bezalakoa delako. Horregatik, egoerari aurre egiteko, aldaketa fiskal sakona bultzatuko dugu".

Gipuzkoa Aurreraren amaiera

Gipuzkoa Aurrera egitasmoak zorrak utzi dituela eta, abenduaren 31n egitasmoa bera bertan behera utziko dutela iragarri du Garitanok. "Diru sarrerak administrazio desberdinen artean nola banatzen diren ikusita aldaketa bat proposatzen dugu. Batetik, Jaurlaritzari ematen diogun diru kopurua jaitsi nahi dugu, baita Espainiari ematen diogun kupoaren portzentaia ere".

Garitanok Aldundiaren egoera zein den eta aurrekontuak nola itxi dituzten azalduaz batera, Larraitz Ugartek Aldundiaren azken urteetako bilakaerari errepasoa eman dio. Ondoren herritarren txanda izan da. Horretan, herritar batek aurrekontu horiek aurrera ateratzeko gutxiengoa dutela gogora arazi die agintariei.

"Gutxiengoan?"

Galdera edo iradokizun horren aurrean, Garitanok honela erantzun du: "Gutxiengoa? EAJk ere Bizkaian 22 diputatu ditu eta egoera berberean gaude gu. Gainera, diru gutxi dagoenean, ez dago non eztabaidatu. Eztabaida diru asko dagoenean sortzen da. Diru gutxirekin aldiz, ez dago nondik kendu eta ondorioz proposamenak errazago onartzen dira".

Bilerara joan direnen artean Elgetako, Eskoriatzako, Antzuolako, Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko alkateak zeuden, beste elkarte eta eragile askotako kideekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak