Azken urteetako joerak aldatzen doazen heinean, errepideetako biribilguneak gero eta originalagoak ari dira izaten. Landare eta lore dotorez apaintzeaz gain, orain, gero eta gehiago, eskulturen eta monumentuen esposizio leku bilakatzen ari dira.
Frantziatik ei dator errepideak biribilgunez josteko joera. Urte gutxian, inguruko errepide guztietan biribilgune berriak agertu dira, zirkulazioa errazte aldera. Baina hasiera baten borobil formako hutsuneak zirenak orain gero eta beteago agertzen dira. Hasiera baten, lorez eta zuhaitz txiki eta ez hain txikiz apaintzen hasi ziren lur zatiak orain bestelako elementuz ere apaintzen dira.
Gero eta gehiago dira bertoko biribilguneak apaintzeko erabakia hartzen duten udalak. Arrasaten, esaterako, anbulatorio parean dagoenak serraila-lantokiko makina bat dauka erdian. "Monumentu moduan geratzen dira, baina inguruarekin zerikusia dute eta, ondorioz, momentu oro gogora ekartzen dute garai baten inguru horretan zer egon zen", diote Arrasateko Udaletik. Berdina gertatzen da Bergarako fundizio pareko biribilguneko eskulturarekin ere: "Azken finean, zirkulazioa gidatzeko borobil hutsak izan ordez, zerbait berezia adierazteko tokiak ere badira. Eta joera guztiak noranzko horretan datoz".
Eskoriatza eta Oñati ere ez dira atzean geratzen biribilguneak monumentuz edo esanahiz betetako elementuz apaintzean. Horren adibide dira txantxikuekin apaindutako biribilgunea (Oñati) eta koloreztatutako zuhaitz baten enborra duena (Eskoriatza).
Ez dago arau zehatzik
Biribilguneak apaintzeko bertoko udaletan ordenantzarik edo irizpiderik dagoen galdetuta, ordezkariek argi diote ezetz. "Ez dago arau edo dekreturik irizpide horiek jarraitu behar direla esaten duenik. Beste barik, joerak jarraitzen dira".
Arkaitz Tolosa Bergarako lorezainen buruak dioenez, "biribilguneei nortasuna emateko egiten da, besteak beste". Ondartzako biribilgunea horren adibide dela dio: "Hor lehen harrobia zegoen, eta, horregatik, biribilguneak gaur egun modu estetikoan kokatuta ditu harriak. Lehengoa gogora ekarri eta presente edukitzeko. Gauza bera gertatzen da Labe Garaien parean dagoen biribilgunearekin".
Dena dela, monumentuek mantentze-lan aldetik lan gutxiago eskatzen dutela eta horregatik jartzen direla esaten dutenak ere badira. "Guztiz kontrakoa. Monumentuak badaude, belarrak eta landareek orduan eta zaintza handiagoa eskatzen dute eta biribilguneak arriskutsuago bilakatzen dira. Beraz, ez dira jartzen lan karga gutxitzeko", argitu du Tolosak.
Biribilguneen abantailak
Tolosaren esanetan, biribilguneek abantaila batzuk dituzte. "Biribilgunetik jende asko pasatzen da, eta, nire ustez, horregatik hartu dute hartu duten garrantzia. Gainera, gehienetan herri sarreretan egoten dira eta herriaren nortasuna islatzeko balio dute. Bestetik, biribilguneetan ez da jenderik ezta txakurrik ere ibiltzen, eta, ondorioz, gauzak hobeto mantentzen dira".
Gizartea bera ere geroz eta zorrotzago doala dio. "Geroz eta gauza originalagoak eta politagoak nahi ditugu eta horrek ere biribilguneen garapena bultzatu du. Lehen belardi soilak zirenak orain landutako lorategi bilakatu dira".
Azken finean, monumentuek herriko historia azpimarratzeko balio dutela dio. "Bai herritarrei begira eta baita kanpotik datozenek ezagutzeko ere". Nolabait definitzekotan, "txoko berezi" moduan deskribatzen ditu Tolosak biribilguneak.
Hala, bada, joerei jarraituz, borobil hutsak izatetik XXI. mendeko aire zabaleko museoak izatera pasa dira biribilguneak.
-------------------------
Iñigo Arregi, arte egilea: "Artearen beste interbentzio bat da eta guztiz ados nago horrekin"
Artearen mundua du ogibide Iñigo Arregik (Arrasate, 1954). Bere ikuspegitik, biribilguneen apainketa asko garatu da eta hark asko eskertzen du hori. Lanak erakusteko beste plaza bat dira, haren ustez.
Denborarekin, biribilguneak monumentuak kokatzeko leku bilakatu dira. Zer deritzozu?
Guztiz ados nago joera horrekin. Modu horretan, artea bera popular bilakatzen da; arteak gizartean egiten duen beste interbentzio bat da. Artea ikusteko aukera zabaltzen du eta jendeak eskuragarriago dauka. Oso leku aproposak ikusten ditut biribilguneak.
Gurako zenuke zure herriko biribilgune baten zure lan bat jartzea?
Niretzako hori ohorea litzateke. Jendeak errazago ikusiko luke eta ez lukete zertan leku jakin batera joan (museo, galeria...).
Eskultura bera egiterakoan ere kontuan hartu beharko litzateke biribilgune baten kokatuko dela?
Bai, noski. Biribilgune baten kokatuko den eskultura bat egiterakoan, material batzuk baztertu egin behar izaten dira. Mantentze-lanik behar ez duen material bat aukeratu behar da. Nik altzairua edo harria erabiliko nuke.
