Jaurlaritzak gizarte zerbitzuetan egin asmo dituen murrizketak salatu ditu ESK sindikatuak

Mireia Bikuña 2011ko azaroaren 16a

2012rako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan gizarte laguntzek %7ko murrizketa izango dute. 54.000 familiak jasotzen dute laguntza. Horietatik 20.000 pentsionistak dira eta 14.000 lan prekarioa dutenak. Alegia, gutxieneko soldatara heltzen ez direnak. Hori guztiori salatzeko kanpaina egiten dihardu ESK sindikatua. Gizarte sentsibilizatu gura dute, eta horretarako informazioa banatuko dute: gaur, hilak 16, Arrasaten; bihar, hilak 17 arratsaldean, Bergaran; eta, egubakoitz arratsaldean, hilak 18, Oñatin.

Arrasaten egin duten prentsaurrekoan salatu dute PSE-EE eta PP-rendako pobreenak direla egungo krisiaren errudun. "Gizarte laguntzak kentzen badituzte, pobreak pobreago izango dira. Euren egoera asko zailduko da, muturreraino", esan du ESK sindikatuko kide Felix Irizarrek. Gainera salatu dute hurrengo urtera begira hartutako erabakia elkartasun bakoa dela: "Elkartasunezko erabakia dela saldu digute, baina ez da horrela. Erabakiak aurrera egiten badu familia asko amildegian egongo dira".

Baldintza berriak

Aurrerantzean hiru urteko errolda beharko da gizarte laguntzak kobratzeko –orain arte urtebeterekin nahikoa zen–. "Neurri horrekin milaka gazte eta immigrante sistematik kanpo geratuko dira. Gainera, edozein lan onartu beharko dute. Hori horrela, edozein baldintzatan lan egitera behartuko dituzte", dio Irizarrek.

"Manipulazioak"

Bestalde, hurrengo urteko aurrekontuetan murrizketak egiteko PSE-EEk emandako datuak "manipulatutakoak" direla esan dute. "Gizarte laguntzatan ez da apenas iruzurrik egotean. Ez da egia immigranteak gurera gizarte laguntzak kobratzera datozenik, eta gezurra da gizarte laguntzen kostoa jasangaitza dela", esan dute ESK sindikatukoek.

Gema Zabaletaren dimisioa

ESK sindikatuak Gema Zabaletaren dimisioa eskatu du. "Gure giza-sistemaren sostengu funtsezkoenetako bat desegin nahi du. PSE-EEk eta PPk elkarrekin bozkatuko dute Legebiltzarrean Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko legearen moldaketa, eta horrek murrizketak ekarriko ditu. EAJ abstenitu egingo da", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak