Itsuek egokitutako botoa izango dute

Leire Kortabarria 2011ko azaroaren 16a

Domekako hauteskundeetan, itsuek eurek bakarrik bozkatu ahal izango dute, inoren laguntzarik gabe, braille idazkeran prestatutako boto egokituaren bidez. Oñatiko Rafael Kortabarriak horrela bozkatuko du.

Maiatzeko udal hauteskundeetan ez zen braillez idatzitako boto egokiturik egon, eta itsuek edo ikusmen murriztua zutenek ezin izan zuten euren kabuz bozkatu; botoa eman nahi izan zutenek bateren baten laguntza eskatu behar izan zuten, eta horrela, botoaren isilpekotasuna galdu egin zen.

Aurten, ordea, Espainiako Barne Ministerioak egokitutako boto paketeak prestatu ditu, eta aurrez eskatu dutenendako gertu egongo dira dagokien hauteslekuan.

Rafael Kortabarriak eskaera egin zuen, eta asteon baieztatu diote bere hauteslekuan izango duela boto egokiturako behar duen guztia: "Boto-paper arruntak eta braillen idatzitakoak daude paketean. Horrela, braillez irakurri ahal izango ditut paper guztiak eta neure kabuz bozkatu ahal izango dut".

Boto-paper bakoitza ze alderdiri dagokion irakurri ahal izango dute itsuek, eta horrela, euren aukerako boto-paper arrunta gutunazalean sartu eta bozka eman. "Bozkatu eta gero, komeni da erabili ez dugun material guztia geuk eramatea, bestela falta den boto-paperagatik jakin daiteke norberak ze bozkatu duen", esaten du Rafael Kortabarriak.

Hobekuntzak, lehenengo Madrilen

Kortabarriaren esanetan, askotan egiten diren kanpainak ez dira zehatzak izaten: "Iragartzen dituzten hobekuntza asko ez dira denondako izaten. Deitu nuen berritasun baten gainean galdetzeko eta esan zidaten bakarrik Madrilgo hautesleku baten izango zela". Hala, aurreko udal hauteskundeetarako Katalunian botoen kudeaketa elektronikoa izango zela iragarri zen, baina azkenean ez zen hala izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak