Atzo egin zuten istripu simulazioa. AP-1 autobideko Eskoriatzako Isuskutza tunelean, Euskal Herriko tunelik luzeenean (3.415 metro).
Simulazioa egin ondoren, lehen bilera egin dute parte hartu duten entitate guztiek iritziak trukatzeko, eta txosten xehatua hilabeteko epean egingo duten arren, lehenengo iritzien arabera, sistemek ondo funtzionatu dute eta koordinazioa zuzena izan dela aurreratu dute Aldunditik.
Egindako simulazioa hauxe izan da: turismo baten eta ibilgailu astun baten arteko talka irudikatu dute, sua eta kea tartean zirela eta hainbat pertsona harrapatuta geratu dira. Talkaren ondorioz, 4 ibilgailu gehiago tunelaren barruan harrapatuta gelditu dira, eta 2 tunelera sartzeko aho bakoitzean. Hala, 10 pertsona kaltetu dira: bi zauritu egin dira; 4 lagun tunelaren barruan harrapatuta geratu dira, eta beste lau ahoetan.
Simulazioaren helburua
Simulazioaren helburua izan da, alde batetik, A-15 autobideko tuneletako Ustiapen Eskuliburuko Barne Larrialdietarako Planean adierazitako jarduketa prozeduren eraginkortasuna egiaztatzea eta, bestaldetik, baieztatzea behar bezala gauzatzen direla plan horretan jasotako jarduketak.
Gaiarekin zerikusia duten eragile guztientzat prestakuntza ariketa bat izateaz gain, jarraitu beharreko protokoloetan egon zitezkeen akatsak detektatu nahi ziren, benetako esku hartzeei aurre egiteko beharrezkotzat jotzen diren hobekuntzak egite aldera.
Hori horrela, lortu nahi diren helburuen artean, hauek azpimarratu dituzte:
- Ustiapen arloko langileen prestakuntza finkatzea, orain arte eskuratutako trebetasun eta ezagutza guztiak praktikan jarrita.
- Ustiapen arloko langileen gaitasuna ebaluatzea.
- Azpiegituren eta segurtasun sistemen eraginkortasuna ebaluatzea, erabilgarri daudela egiaztatzeko, diseinatu direnean xedatu zaizkien ezaugarriak dituztela bermatzeko eta zerbitzua eraginkortasunez eta behar bezalako prestazioekin eskaintzen dutela baieztatzeko.
- Ustiapen prozeduren eraginkortasuna ebaluatzea, bereziki, larrialdietako operazioei dagokienez, eraginkorrak direla eta ustiapenaren benetako arrisku eta larrialdi egoeretara egokitzen direla egiaztatzeko, betiere, ustiapenaren segurtasun estrategiaren barruan.
- Larrialdietan inplikatutako kolektiboen koordinazioa ebaluatzea, erantzuteko denborak motzak direla bermatzeko eta kolektibo bakoitzari esleitutako eskumenak eta eginkizunak betetzen direla egiaztatzeko.
Simulazioa erakunde hauek antoaltu dute: Bidegik –Isuskitzako tunelaren eta AP-1 autobidearen Gipuzkoako zatiaren kudeatzailea– Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitakoa; Arabat sozietateak –autobide horren Arabako zatiaren kudeatzailea–, Arabako Foru Aldundiari atxikitakoa; eta larrialdietako zerbitzuek, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza buru dela, tunelaren segurtasun arduradunarekin elkarlanean.
Aldi berean, parte hartu dute Bidelan enpresa eragileak, eta Sos Deiak zerbitzuak koordinatutako larrialdietako zerbitzu hauek: Gipuzkoako eta Arabako suhiltzaileek, Ertzaintzak, Arabako miñoiek eta Osakidetzak. Simulazioan izan dira, halaber, Gipuzkoako Aldundiko agintariak, Arabako Aldundikoak eta Esku Jaurlaritzakoak, besteak beste.