1. Hasi zinenean, honetan jarraituko zenuela uste zenuen?
Unibertsitatean nengoela hasi nintzen eta ez nuen planteatu bizitza osorako izango zenik. Hasi nintzen, bidea hartu nuen eta une baten esan nuen: "Kontxo, ia 40 urte ditut eta hemen nago oraindik!".
2. Aktore askoren curriculumean, zerbitzari lanek leku nabarmena izan ohi dute. Zurean ere bai?
Inoiz ere ez naiz antzerkia ez den zerbaitetan lanean ibili. Akaso momentu puntualetan bai, baina beti honetan jarraitu izan dut. Inguruan baina, askok egin behar izan dituzte horrelako lanak... Edo aktore lanak utzi.
3. Euskal aktoreek askotan esan ahal izaten dute ezetz?
Batzuek bai. Baina Euskal Herrian ez dira proiektu asko mugitzen, irteten direnek kalitate ona dute eta askotan lagunak daude tartean; ezetz esatea zaila da. Beti dago aitzakiaren bat baietz esateko.
4. Barre eragitea negar eragitea baino zailagoa da. Egia ala gezurra?
Drama eta komedia, biak landu izan ditut. Asko errespetatzen ditut drama lantzen dutenak, hori ere zaila da. Barrea zein negarra, emozioak eragitea da zailena.
5. Beste topiko bat: pertsonaiak etxera eramatea. Gertatzen zaizu?
Inondik inora ere ez, erotzekoa litzateke. Lana maitatu arren, bere lekua du; nire bizitzan badauzkat gauza garrantzitsuagoak.
6. Artea, Arrastoa eta Gronholm metodoa, euskaraz antzeztu dituzun nazioarteko arrakastak dira. Normalizazioaren seinale?
Euskarak merezi eta behar du; euskaldunek munduan zehar egiten diren antzezlanak bertaratzea eta euskaratzea merezi dute.
7. Sabino Arana bihurtzea izan duzu azken erronka. Gainditu al duzu?
Ikusleek esan beharko dute! Lehenengo aldia da Arana telebista edo zinemara eroaten dela. Badakit Sabino Arana Fundaziokoek ikusi dutela, eta iritzi onak jaso ditudala. Oraindik baina, ikusteko dago.
8. Aita futbolaria izanda, izan zenuen baloitik bizi izateko tentaziorik?
Ibili nintzen eta oraindik ere lagunekin jokatzen dut; baina horretaz bizi izatea oso zaila da, asko dira oso onak. Belaunaldi batek salto egiten omen du; espero dezagun semeren bat dudanean hark hartzea aitaitaren herentzia!
9. Nola salduko luke Asier publizistak Asier aktorea?
Pertsona langile bat bezala. Lanean sinisten dut; ez dago beste sekreturik. Lana eta lan egitea gustatzen zaiola esango nuke. Ateratzen den guztia, horren erantzuna da.
10. Getxokoa izanda, zaila al da pijo estereotipoari aurre egitea?
Nire familia oso umila izan da, eta guk jaso dugun hezkuntza ez da izan diruaren ingurukoa. Halakoak entzutean zer? Entzun, irribarrea bota eta aurrera segi.
-------------------------
Makila magikoa baneuka: "Gaur egun, eta orokorrean historian, boterea izan duten guztiei kendu egingo nieke. Nik uste dut jasotzen ditugun arazo guztiak beti sortzen direla boterea maneiatzen duten horiek boterea maneiatu izan duten moduaren ondorioz. Beraz, boterea dutenei, boterea kenduko nieke".