Auto elektrikoak kargatzeko bi gailu jarri dituzte Arrasateko Eroskin

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko azaroaren 14a

Arrasateko Eroski hipermerkatuan jarri dituzte. Txartel bidez egiten da karga eta prezioari dagokionez, kilometroa dieselaren %25 da, gutxi gorabehera

Auto elektrikoak kargatzeko bi gailu jarri dituzte Arrasateko Eroski hipermerkatuaren aparkalekuan. Ezkerreko sarreraren ondoan jarri dituzte eta urdin koloreko bi zutaberen itxura dute.
IBIL SAren (Eve eta Repsolek osatutako enpresa) bitartez jarri dituzte kargagailuok eta helburua da herritar guztiei ematea zerbitzua, ez bakarrik hipermerkatuko bezeroei, "nahiz eta oraindik ia erabiltzailerik ez dagoen", Eroskiko ordezkarien esanetan.

Autoa kargatzeko, txartela

Arrasateko hipermerkatuan jarri dituzten gailuak erabiltzeko IBIL enpresarekin txartela kontratatu behar da –telefono txartelaren antzekoa– eta hori erabiliko da kargagailuan sartu eta autoa kargatzeko. Prezioari dagokionez, kilometroa dieselaren %25 da, gutxi gorabehera, hipermerkatutik aurreratu dutenez.
Eroskitik aurreratu duten moduan, oraindik auto elektrikodun erabiltzaile gutxi badago ere, Eroskik eta IBILek elkarlanean dihardute EAEn auto elektrikoa bultzatzeko. Horrekin, mugikortasun iraunkorraren eta ingurumenarekiko errespetuaren alde egiten dute, hirietan eta herrietan kutsadura txikituta. Aipatzekoa da auto elektrikoek ez dutela kutsadura akustikorik sortzen, ezta emisiorik ere, eta, galera mekaniko gutxiago izateaz gain, errendimendu energetiko handiagoa dutela, mantentze-kostu txikiagoa eta kilometroko kostu txikiagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak