Leire Martinez: "Taldeko emakume bakarra izanda, mimo guztiak niretzat dira!"

Txomin Madina Milikua 2011ko azaroaren 10a

Cometas por el cielo da La Oreja de Van Gogh talde donostiarraren seigarren lana, gure elkarrizketatuaren ahotsa duen bigarrena; lekutan daude Factor X'en garaiak...

1. Bi astez salmentetan nagusi izan da zuen diskoa. Ilusioa egiten du ala dagoeneko ohitu zarete?
Ikaragarrizko ilusioa egiten du; horrelako gauzetara ez gara inoiz ohituko.

2. Diskoan hamaika kometa, hamaika abesti bota dituzue zerura. Zeinekin geratzen zara zu?
Beharbada, La niña que llora en tus fiestas aukeratuko nuke, aurkeztu genuenetik oso emaitza onak eman baitizkigu. Nik neuk noiz egin dudan negar azken aldiz? Atzo, beharbada... Oso negartia naiz, eta gauza askogatik emozionatzen naiz maiz.

3. Bigarren diskoa duzu La Oreja de Van Gogheko kide moduan. Zure ukitua nabariagoa izan da?
Nire parte-hartzea osoa izan da. Disko honetan bai, hasieratik sentitu ditut abestiak; jaiotzen ikusi ditut; beraz, espero dut jendeak nire ukitua nabaritzea.

4. Askoren ustez, zuen letrak nahiko pasteloiak dira. Zer esan haiei?
Gertu ditugun gauzen inguruan idazten dugu; beharbada, pasteloi itxura izan dezakete. Baina lerro artean irakurrita historia nagusiagoak agertzen dira: terrorismoa, homosexualitatea, bakardadea, heriotza…

5. Diskoa prestatzea edo zuzenean defendatzea, zer nahiago?
Jendaurrean defendatzea. Izugarrizko emozioa sentitzen da agertoki gainean egonda.

6. Ondo daroazu boskotean emakume bakarra izatea?
Ohituta nago emakume bakarra izatera. Batzuetan, faltan igartzen da beste norbait inguruan izatea, baina, bakarra izanda, mimo guztiak niretzat dira! [Barre]

7. Nola prestatzen da bat hilabetetan etxetik kanpo eroango zaituen kontzertu bira bati aurre egiteko?
Gustuko dudana egiten nagoela jakiteak asko laguntzen du, eta, noski, ahal den guztia deskantsatzea beharrezkoa da. Gehien, familia eta lagunak igartzen ditut faltan.

8. Musikaren industria dioten bezain gaixo dago?
Bai, oso. Jendeak ez du musikagatik dirurik eman nahi, ohitu egin gara gauzak doan lortzera… Denok berdin egingo bagenu, zer gertatuko litzateke jatetxeekin edo bestelako lanbideetan?

9. Eta famatu moduan, nola daroazu prentsa arrosa?
Nahi baino atsekabe gehiago eman didate. Uste dut halako gauzetara ez naizela sekula ohituko; baina bueno, horren aurka ez dago askorik egiterik…

10. Jendea harritu egiten da euskaraz hain ondo hitz egiten duzula entzunda. Harritu egiten al zaitu horrek?
Bai; izan ere, ni euskalduna naiz, beste jende asko bezala; eta ezin da euskalduna izan La Oreja de Van Gogheko abeslaria?

-------------------------

Makila magikoa baneuka: "Mundu mailan gauza asko egingo nituzke, inguruan duguna begiratu besterik ez dago gauzak nola doazen ikusteko, Baina, gustatuko litzaidakeen arren, horietako asko ez daude nire esku...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak