Urretxu eta Zumarraga lotzen dituen autobide zatiaren lanen obra zibila amaituta dago eta elektrizitate eta seinaleztatze lanak geratzen dira amaitzeko.
Bestalde, Zumarraga-Urretxu Antzuolarekin lotzeko lanen zatirik inportanteena Deskargako tunela izango da. Behin amaitutakoan, bidesaria ipiniko dute, nahiz eta gaur egungo errepidea mantenduko den, Deskargako portutik, nahi duenak erabil dezan.
Antzuola eta Bergara arteko zatiak urtebeteko atzerapena izango du, baina 2013an hasi eta 2016rako amaitzea da asmoa, Ugartek Goiena telebistan adierazi duenez. 70 milioi euroko kostua izango du azkeneko tarte honek eta, amaitutakoan, Beasain-Durangok bat egingo du, Bergara hegoaldean, AP-1ekin.
"Bildurendako proiektu estrategikoa Beasain-Durango ardatza, Euskal Herria egituratzen duelako eta Debagoienarendako beharrezkoa delako, besteak beste", esan du Ugartek.
Elgetako saihesbidea, ez
Izan ere, beste errepide proiektu batzuk atzeratzea erabaki du Foru aldundiak, krisi koiuntura dela-eta. Horien artean dago Elgetako saihesbidea, 11 milioi euroko aurrekontukoa, eta oraingoz noiz egingo den jakiterik ez dagoena. Diputazioak baztertu egin du proiektu hori, oraingoz.
Etxegaraten bidesaririk ez
Bestalde, Deskargan bidesaria jarriko dutela ziurtatzeaz bat, Etxegaraten jarriko ez dutela esan du Ugartek. "Finantza plan bat zehaztuta dauka Bidegik, aurreko agintalditik, eta bankuekin hartutako konpromisoei erantzun behar diegunez, ezinbestekoan, Deskargan ordaindu egin beharko da, hemendik Beasainera autobidez joatearren" esan du.
Etxegaratekoa, ordea, ez dute premiazko ezta bideragarri ikusten. Hauxe esan du horren gainean Goiena telebistan Larraitz Ugartek: "Etxegaraten bidesaria jartzeak dauka beste 53 milioi euroko kostua, pare bat bihurgune kentzeko eta bidesaria ezartzeko tokia egiteko. Bestetik, Etxegarate eta AP-1 autobideari alternatibarik badago: Andoaindik Nafarroara doana, N-121, eta doakoa dena".
Elkarrizketa osoa hemen: