Oñatin ezarriko dute atez atekoa hurrengo eta Epelen konpostaje planta jarriko dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko azaroaren 9a

Atez ateko sistema Debagoien osoan ezartzeko erabakia hartua dute, baina pixkanaka-pixkanaka joango da ezartzen bailarako herrietan eta ez da herri guztietan batera ipiniko. 2013 edo 2014 urterako espero dute Epeleko konpostaje gunea bukatuta izatea, eta hori martxan jarri ostean, progresiboki ezarriko da atez ateko zabor bilketa sistema Debagoieneko herrietan.

Azken asteetan hainbat hedabidetan esan da atez ateko hondakin bilketa sistema 2013rako Debagoieneko herri guztietan ezarrita egongo dela. Baina Mankomunitatetik jakinarazi dute hori ez dela horrela izango; progresiboki hasiko dira bailarako herriak atez ateko zabor bilketa sistema erabiltzen eta ez da denean izango 2013rako.

Hori aurrera eraman ahal izateko, Epelen, Bergarako lurretan, konpostaje gune berri bat egin behar dute eta horrek baldintzatuko du atez atekoa Debagoienean. Hasiera batean, urte eta erdiko epea aurreikusten zuten Mankomunitatean; hala ere, Bergarako Egitasmo Orokorrean aldaketa batzuk egin behar direnez, lan horiek esleitzeko, behar bada bi urte  eta erdiko epea beharko dute Epeleko konpostagailua egiteko.

Antzuola, Oñati, Elgeta?

Antzuolaren ostean, atez atekoa ezartzeko hurrengo herri aproposena Oñati izango litzatekeela uste dute. Hala ere, Josu Pereda Arrasateko Ingurumen zinegotziak esan digu neurri batean bi urte eta erdiko epea gehiegi iruditzen zaiela pausurik egin gabe egoteko, eta, agian, Elgetan ezarriko dutela atez atekoa Epeleko konpostagailua ireki aurretik; aukera hori ez dute baztertzen.

Edozein kasutan ere, Arrasateko Ingurumen zinegotziak, lasaitasun mezu bat bidali nahi izan du.

Materia organikoa, beraz, Epelera eramango litzateke eta errefusa, momentuz, Sasietako hondakindegira eramaten den arren, etorkizunean gure bailaran hondakindegiren bat egitea ez dute baztertzen.

Alderdi sozialista, atez atekoaren kontra

Alderdi sozialistak, bestalde, ez du zaborra batzeko atez ateko sistemarik nahi Debagoienean. Horregatik, atez atekoaren kontrako mozioak aurkeztu ditu ordezkaritza duen bailarako udaletan. "Garestia, osasunerako kaltegarria, deserosoa, onartezinezko gizarte kontrola dakarrena eta ostalaritzarendako oso kaltegarria" dela uste dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak